Aurten ere ez du hutsik egin urteroko hitzorduak; uda bete-betean gaude dagoeneko, eta Carballeira elkarteko kideen eskutik, datorren asteburuan izango da Galiziaren eguna. Ospakizun nagusiak igandean izango badira ere, larunbatean ere izango da zer gozatua; 19:30ean hasita, gaita-poteoa egingo dute alde zaharreko kaleetan barrena, Os Agarimos taldearekin. 23:00etatik aurrera, talde bereko kideak igoko dira Musika plazako oholtza gainera, eta dantzaldirako aukera izango da.
Egun handia, baina, igandean izango da, urtero bezala. 36. urtez jarraian, goizean goiz hasiko dira Galiziaren eguneko ospakizunak. Hainbat kalejira izango dira herriko kaleetan zehar, eta gero, Iñurritzan elkartuko dira. Bertan, egun osoan izango da Galiziako gastronomiaz, musikaz zein dantzez gozatzeko aukera. Besteak beste, Albariño ardoa, olagarroa edota lakoia dastatu ahalko dituzte bertaratzen direnek.