Aurten ere Tourra zuzenean emango du Arraio Irratiak

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 17a, 19:00

Pirinioetako zein Alpeetako etapak emango dituzte Arraio Irratiko kideek, Arrano tabernatik. Datorren larunbatean izango da aurreneko saioa.

Azken urteetan bezala, uda honetan ere Tourra zuzenean emango dute Arraio Irratiko kideek. Azaldu dute Pirinioetako zein Alpeetako etapak emango dituztela, uztailaren 20an eta 27an. Aurten, Gaba tabernatik beharrean, Arrano tabernatik arituko dira, 15:30etik aurrera.

Bestalde, aurten ere porra jarriko dute martxan, eta gogorarazi dute "sari potoloa" izango duela irabazleak; hain zuzen, larunbat honetan Realak Asti zelaian jokatuko duen futbol partidarako bi sarrera. Racing izango du aurkari modura Donostiako taldeak.