Kirola, hizkuntza eta hezkuntza, eskutik Zarauzko Asti zelaian

Dorleta Agiriano Lai 2019ko uzt. 18a, 10:21
Belen Murua, Joseba Ibarburu eta IƱigo Ameztoi. (Gorka PeƱagarikano Goikoetxea)

Larunbatean Kilometroen aldeko partida jokatuko du Realak Astin, Racing taldearen aurka. Kilometroek eta Realak duela zazpi urte sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena.

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Real Sociedad Fundazioak 2012. urtean sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Hala, taldeak bere gain hartu zuen konpromisoetako bat izan zen urte horretan Kilometroen aldeko lagunarteko futbol partida bat antolatzea. Elkarlan horrek hartu du bere bidea ordutik, eta aurten Zarautzera ere hedatu da: larunbat honetan, hilak 20, jaialdiaren aldeko norgehiagoka izango da Zarauzko Asti zelaian. Realakeko gizonezkoen lehen taldeak eta Santanderreko Racing taldeak neurtuko dituzte indarrak, 19:00etatik aurrera.

Joseba Ibarburu Realeko presidenteordearen hitzetan, "oso pozgarria da Kilometroekin eta orokorrean ikastolen mugimenduarekin elkarlanean jarraitzea". Iparraldean ere izango dute hitzordua aurten: Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearen aldeko partida jokatuko du Realeko emakumeen lehen taldeak, abuztuaren 11n.

Iñigo Ameztoi Salbatore Mitxelena Ikastolako presidentearen arabera, ikastolarentzat bultzada ekonomiko handia izango da larunbateko partida: "Pauso handiak eman ditugu pedagogia eremuan, eta irakasleen formakuntzan sakondu beharra daukagu. Horretarako laguntza handia izango da Astin jokatuko duten partida". Aldi berean, aurten Kilometroak jaialdia Zarautzen izateak ere "gure lanari eta proiektuari bultzada handia" emango diola azaldu du Belen Murua Salbatore Mitxelena ikastolako zuzendariak.

Bestalde, "ikastolaren filosofia" ardatz hartuta, asteburuko norgehiagoka "auzolanean" aurrera aterako dutela esan du Ameztoik: "Partidaren berri emateko kartelak egin ditugu, larunbatean Astin grafikoak zein megafonia kontrolatu behar ditugu, luntxa prestatuko dugu, eta beste hamaika lan gehiago izango da. Ikastolako kideok auzolanean egin dugu eta egingo dugu hori guztia". Ikasleek "txikitatik hori jaso eta ikasi" dutela dio, eta hala egingo dutela aurrerantzean ere. "Gure etorkizuna haurrak dira. Ikastoletan haurrentzako ari gara proiektua lantzen", gaineratu du.

Hala, ikastoletan hezurmamitutako lanaren balioa mahaira atera du Ameztoik. Ikastolen sorrerak "euskarazko hezkuntzaren oinarria" ehundu zuela adierazi du, eta "gaur ezagutzen ditugun hezkuntza ereduen artean, Euskal Herria marko modura hartu duten bakarrak" ikastolak izan direla azaldu du. "Ikastolak ditugu Tuteran, Maulen, Barakaldon, Baigorrin, Hendaian, Gasteizen eta abar. Hori esan dezakeen hezkuntza eredu bakarra gara", gehitu du Zarauzko Ikastolako presidenteak.

Sarrerak, salgai

Reala-Racing partidarako sarrerak oraindik salgai daude. Hain zuzen, Zarauzko Eguzki, Guria, Joe edota Txiki Polit tabernetan eskuratu daitezke. Norgehiagoka tribunatik ikusi nahi dutenek 18 euroan erosi beharko dute txartela; txartel arruntak, baina, 15 euro balio du. 12 urtetik beherakoek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Bestalde, larunbatean ere erosi ahalko dira sarrerak, Asti zelaiko txarteldegian. 17:00etan irekiko dute, futbol partida baino bi ordu lehenago.