"Harritu" egin zen Mikel Goenaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1966) EAren Gipuzkoako koordinatzailea asteartean bere ildoko bi kiderekin batera Donostian prentsaurrekoa ematera azaldu zenean, "hedabide asko" zeudelako aretoan. "Ni, behintzat, ez nago ohituta horretara". Ildo kritikoak Goenaga izendatu du elkarrizketa emateko. Barne krisian da EA.
Noiztik daude bi ildo EAn?
2015eko udal eta foru hauteskundeen aurretik. Eztabaida nagusia da nola antolatu behar den EH Bildu eta EAk nola egokitu behar duen han. EH Bilduren proiektuaz ez dago eztabaidarik.
EAren 2017ko ohiko biltzar nagusian bi ildo lehiatu ziren. Auzia orain piztu al da, afiliatuen datu basearekin kontuarekin?
Gu duela bi urtetik ari gara eskatzen gardentasuna, baina zuzendaritza honekin beti egon da iluntasuna datu basearen inguruan. Alderdiaren erabateko konfiantzarekin iritsi zen Pello Urizar idazkari nagusi postura, 2009an, baina konfiantza galtzen joan da.