Antonio Linazaren flamenko jazza, Adarretatik jaialdia amaitzeko

Onintza Lete Arrieta 2019ko uzt. 19a, 09:00

Cadizko doinuak iritsiko dira igande iluntzean malekoira. Gaur, ostirala, hasiko da Adarretatik musika jaialdia, eta hainbat estilotako kontzertuak egongo dira: tartean, Antonio Linaza Trio taldearen flamenko jazza. Lotura estua dauka eskualdearekin.

Batetik bestera dabil Antonio Linaza musikaria. Uda sasoia gelditu gabe igaroko du; hala esan du telefonoz, jaioterrira (Cadiz,Espainia, 1986) autoz itzultzen ari den bitartean. Asteazken arratsaldea da, kontzertu bat ematetik dator, eta igandean beste bat emango du, Zarautzen. Adarretatik musika jaialdia berak eta bere taldeak itxiko dute, flamenko jazz kontzertuarekin.

Musikaz gutxi dakienak ere badaki zer mailatako musikariak diren Ruper Ordorika eta Joseba Irazoki. Adarretatik jaialdiko kontzertuetako bi emango dituzte horiek. Baina azken emanaldia Linazak eskainiko du, eta hori ardura bezala hartzen duen galdetuta, bizi-bizi erantzun du «dena ematera» datorrela, eta animatzeko kontzertua ikustera. Kitarra flamenkoa eta perkusioa izango ditu lagun, eta bere hiru diskoetako abestiak eskainiko dituzte. «Flamenkoak izango du tokia, baina inprobisazioak ere garrantzia handia izango du, baita arreglo musikalek ere. Abestiak dira abiapuntu, baina gero, egunaren eta giroaren arabera, aldatuz doaz; zati batzuk luzatu egiten ditugu, beste batzuk moztu».

«Gogotsu» dago, ondo ezagutzen dituelako bazter hauek, eta aspaldian ez duelako bertan saiorik eskaini. «Jende asko daukat hor, denbora luzez ikasten eta bizitzen egon nintzelako bertan». Musikenen egin zituen saxofoi ikasketak, eta kontatu du Zestoan ere bizi izan zela urtebetez. «Zestoa, Zumaia eta Zarautz inguruan asko ibiltzen nintzen». Inguru horretako lagunak ere baditu, tartean musikariak. 

Linazak abestu egiten du, saxofoia jo ere bai, eta ezin du aukeratu bietako zein duen nahiago. «Biak behar ditut jada: nire ahotsa saxofoiaren luzapen bat da, eta alderantziz. Biak eginda sentitzen naiz benetan gustura».

Euskal Herrian flamenkoak ba al du estimurik? Ba ote dago flamenkorako kulturarik? Linazak baietz uste du. «Azken urteetan asko ari da aldatzen, afizio handia dago iparraldean. Behin musika aireratzen denean, eta musika ona denean, jatorriak-eta ez dute axola; unibertsala da».  

Igandean bertan abiatuko da Madrilera, astelehenean kontzertua emateko. Saio artean, laugarren diskoa prestatzen ere badabil, urte hasierarako.

Momentuz ez dirudi herritik mugitu gabe bere musikaz gozateko beste aukerarik egongo denik. Beraz...