Uda bete-betean gauden arren, Amenabar eskubaloi taldekoak datorren denboraldiari begira jarri dira dagoeneko. 2019-2020 denboraldirako osatu duten talde osoaren berri eman ez duten arren, hainbat berrikuntza iragarri dituzte. Gutxienez hiru jokalari batuko dira gizonezkoen lehen taldera; Julen De Carlos, Iker Ortiz eta Ander Adarraga.
Atezaina da De Carlos (Iruñea, 1992). Belgikako Initia Hasselt taldearekin jokatu du iragan denboraldian, eta orain, etxera itzuliko da, berriro Amenabarren atea defendatzera. Zarauzko taldearekin egingo duen seigarren sasoia izango da. Adarraga (Zizur Nagusia, 1995) zentrala da, eta aurten, Asobal ligako Anaitasuna taldearen kamiseta erantziko du Amenabarrena janzteko. Bestalde, ezker hegala indartuko du Ortizek (Anoeta, 1997). Tolosako taldean jokatu du orain arte.