Igerilarien Behobia-Donostia

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2019ko uzt. 19a, 13:30
(Amaia Urbieta Arruti)

Bihar, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren 49. ekitaldiaren bezperan, ur irekietako proba bat estreinatuko dute Gipuzkoako kostaldean: Zarautz-Getaria-Zarautz. 'Gipuzkoako Hitza'-k horien inguruan osatutako erreportajea da honakoa.

Gipuzkoako igerilariek ez dute atseden hartzeko astirik. Igerilekuetako txapelketen denboraldia bukatzerako hasi dute itsas zeharkaldiena. Duela bi asteburu, Mutrikutik Debara igeri egin zuten Debako Itsasmilia zeharkaldiaren XII. ekitaldian; iragan asteburuan, I. San Anton Bira egin zuten Getarian; eta bihar eta etzi Getaria eta Zarautz artean ariko dira igerian. Getaria-Zarautz zeharkaldiaren 49. ekitaldia izango da igandean, eta bihar lehenengo aldiz egingo dute Zarautz-Getaria-Zarautz zeharkaldia.

Biharkoa “froga modura” antolatu dutela adierazi du Iñigo Ugarte Zarautz Balea Igeriketa elkarteko presidenteak. “Getaria-Zarautz zeharkaldiaren 50. ekitaldia izango da datorren urtean, eta urteurreneko ospakizunei begira jarrita gaude dagoeneko”. Hortik sortu da distantzia luzeagoko proba antolatzeko ideia. “Getaria-Zarautz zeharkaldia Europako laugarrena da parte hartzeari dagokionez, baina hainbat luzeratako probak izaten dituzte gainerakoek, sei eta zazpi ere bai batzuek, eta guk, berriz, hiru distantziako probak bakarrik genituen orain arte”. Haurren mailako bi —400 metrokoa eta 800 metrokoa—, eta Getaria eta Zarautz artekoa, 2.850 metrokoa. Aurtengoa ondo ateratzen bada, distantzia luzeagoko proba jokatzeko aukera ere eskainiko dute aurrerantzean: 5.200 metro ditu Zarautz-Getaria-Zarautz probak.

Ohiko zeharkaldiak ez ezik, “oso harrera ona” izan du berriak ere. “Apustuak ere egin genituen geure artean”, jakinarazi du Ugartek. “Batzuek zioten ez ginela iritsiko 250 parte hartzailera, eta bostehun gara azkenik”. Afizionatuez gain, punta-puntako igerilariek ere parte hartuko dute, ur irekietako Espainiako Kopako proba izango baita biharkoa. Getaria-Zarautzen, berriz, 3.100 lagunek eman dute izena, eta, azken orduko hutsegiteak tarteko direla, 3.000 lagun inguruk hartuko dute parte. Gipuzkoarrak izango dira erdiak baino gehiago —%56—, eta inoiz baino handiagoa izango da emakumeen parte hartzea, %30etik gorakoa.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean

Erlazionatuak