Gutuna: Urola Kostako EH Bilduk, Udal Elkartea osatzeko bilkuraz

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 20a, 10:00

"Alderdi interesak alde batera utzita", Udal Elkartea osatzeko bilkura garaiz deitu dezan eskatu dio Urola Kostako EH Bilduk jarduneko lehendakariari.

“Urola Kostako Udal Elkartearen estatutoek, 8. artikuloko lehenengo puntuan honela diote:

Udal Elkartea osatzen duten udalak oso-osorik berritzen direnean, Batzar Nagusia eratuko da ekitaldi publikoan, egutegiko 45 eguneko epearen barruan, udalak eratu eta hurrengo egunetik hasita. Horretarako jarduneko lehendakariak Batzar Nagusiaren ezohiko bilkura deituko du eta deialdia helaraziko die udalek izendatutako zinegotziei.

Kontuan izanik eskualdeko udalak ekainaren 15ean eratu zirela, uztailaren 30ean bukatuko litzateke Batzar Nagusiaren bilkura burutzeko epea.

Urola Kostako EH Bilduren ustetan denok onartuak ditugun prozedurak errespetatu egin behar dira, ezinezkoa izanik epez kanpoko bilkuren deialdiak egin ahal izatea talderen bati edo besteri egokiago edo komenigarriago iruditzen zaiolako.

Horregatik Udal Elkarteko jarduneko lehendakariari osoko bilkuraren deialdia garaiz egin dezala eskatzen diogu, alderdi interesak alde barera utziaz”.