Carballeira elkarteko kideen eskutik, pasa den asteburuan izan da Galiziako eguna Zarautzen, 36. urtez jarraian. Larunbatean hasi ziren ospakizunak; arratsaldean gaita-poteoa egin zuten herriko kaleetan barrena, eta gauean, dantzaldia izan zen Musika plazan, Os Agarimos taldearekin.
Ospakizun nagusiak, baina, igandean izan ziren; goizean hasi ziren kalejirak alde zaharreko kaleetan, eta Galiziako doinuek eta koloreek hartu zuten herria. Eguerditik aurrera, urtero bezala, dantza emanaldiez edota gastronomiaz gozatzeko aukera izan zen Iñurritzan.