Artezaleakeko kideek antolatuta, 56. Zarauzko Aire Zabaleko Pintura Azkarra lehiaketa izan zen atzo Zarautzen. Margolariak alde zaharrean eta itsas pasealekuan aritu ziren, goizetik hasita. Guztira, 28 parte hartzaile izan ziren.
Eguerditik aurrera Lege Zaharren enparantzan izan ziren ikusgai margolan guztiak, eta 14:00etan, lanak aztertu eta sariak erabaki zituen epaimahaiak. Leticia Gaspar bilbotarrak irabazi zuen lehen saria, eta 1.000 euro eskuratu zituen. Juan Jose Altuna bergararrak egin zuen bigarren, 800 euroko saria lortuta. Hirugarren saria, aldiz, Luis Puiggros bartzelonarrak poltsikoratu zuen; 500 euro. Bestalde, margolari zarauztarren artean, Joseba Iruretagoiena izan zen saritua.
Gaurtik aurrera, Etxezabalako erakusleihoan izango dira ikusgai margolan sarituak.