Denboraldia hasteko prest da Aiala Zarautz

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 23a, 12:00

Berrikuntzekin dator Aiala Zarautz eskubaloiko nesken taldea. Aldaketa nagusiena, ziurrenik, entrenatzaile postuan izango dute. Jokalarietan ere aurpegi berriak ikusiko dira: tartean, Bera Beratik datorren Azurmendi.

Aurredenboraldian murgildurik da Aiala Zarautz, izan ere, beste urte batez Zilarrezko Ohorezko mailan jokatuko dute, Espainiako Estatu mailako bigarrenean. Dena den, aurreko urteko taldea ez da bere horretan mantenduko, aldaketa garrantzitsu batzuk izan baitituzte aurreko denboraldia bukatu zenetik. Aldaketa aipagarriena entrenatzailearen postuan egon da: Jon Begiristainek kargua utzi eta Julen Aizpitartek hartuko du aginte makila, Jubenilen Euskal Ligako taldea entrenatzea utzita.

Aizpitartez gain, jokalarien artean izango den berrikuntzarik nabariena Nora Azurmendi da, Bera Beratik aldendu eta Zarautzera etorriko dena. Bestalde, seniorretara saltoa emango duen Eunate Oregik ere Aialan jokatuko du; iaz Kukullaga talde bizkaitarrean jokatu zuen. Donostiara bizitzera doanez, Zarautzen jokatuko du.

Talde utzi dutenei dagokienez, urte luzez Aialan daramaten batzuk aipatu behar dira. Haizea Goikoetxeak eta Nora Kortabarriak taldea utziko zutela iragarri zuten iaz, Begiristain entrenatzailearekin batera. Egongo ez diren besteak, tarte ezberdinetan baina, azpiko kategorietatik azken urtetan saltoa eman duten hiru jokalari gazte izango dira, adin berdinekoa hirurak: Izei Permach, Maialen Urresti eta Bidane Salegi. Ikasketak direla-eta, lehen biak Erasmusen egongo dira lehen denboraldi erdian, eta Salegi aldiz bigarren erdian.

Irailaren 14an hasiko dute ligako denboraldia Zarauzko Aialako neskek, baina horren aurretik Euskadiko Txapelketara sailkatzea jokatu beharko dute.