5.000 pertsonatik gora izan dira Adarretatik jaialdian

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 23a, 13:48
Antonio Lizanaren kontzertua, pasa den asteburuan. (Ritxi Goya)

Enbor Akzio Kulturaleko kideek pasa den asteburuan izandako Adarretatik musika jaialdiaren balorazioa egin dute. "Gustura" daude jaialdiak emandakoarekin, eta dagoeneko hurrengo urteko edizioa dute buruan.

Gustura daude Adarretatik musika jaialdiaren antolatzaileak aurtengo edizioak emandakoarekin. "Kontsolidazioa" bilatzen zuten, eta azaldu dute aurreko urteko maila mantentzea lortzeaz gain, "identitate propia duen jaialdia" egin dutela.

5.000 pertsonatik gora batu ditu jaialdiak, eta jasotako erantzuna "bikaina" dela uste dute antolatzaileek. Azpimarratu nahi izan dituzte artisten "kalitatea" eta "nazioarteko maila". Espazioak, zerbitzuak eta entzuleen beharrak kudeatzerako orduan ere, aurreko urteko maila hobetu dutela ere azaldu dute antolatzaileek.

Horrez gain, positiboki baloratu dute herriko zenbait eragilerekin izandako harremana. Hala, gogoan izan dituzte balorazioan Uhina, Euskalduna Taberna, San Frantzisko 33, Zarauzko Txiringitoa, muntatzaileak eta garbitzaileak. "Kolaboraziorik eta elkarlanik gabe ezingo zitekeen Adarretatik gauzatu".

Borobiltzeko, jada hurrengo urtera begira jarriak direla azaldu dute Enbor Akzio Kultural Elkarteko kideek ohar bidez: "kontsolidatzetik, erreferente bihurtzerako saltoa eman nahi dugu". Jaialdien zirkuituan "katebegi" izan nahi dute, "euskal kultura munduko musiken baitan" aldarrikatuz. Horretarako, udalarekin eta gainerako eragileekin lanean jarraituko dutela adierazi dute: "gehiago eta hobeto egiteko prest gaude, eta horretarakolan egingo dugu".