Atzo, uztailak 23, Mugipark aplikazioa jarri zuten martxan Zarautzen. Hala, hemendik aurrera, mugikorraren bidez ere ordaindu ahalko da TAO sistema; besteak beste, tiketak eta isunak ordaintzeko edota ordaindutako denbora luzatzeko aukera izango da Mugiparken bidez.
Zarauzko Udalak azaldu duenez, "diru-zorro baten modukoa da aplikazioa"; izan ere, "behar dugunerako diru kopuru bat gordeta izatea ahalbidetzen du, eta dirurik ez dugula ikusten dugunean, zorroa handitzeko aukera ematen du, nahi dugun edo behar dugun kopurua izan arte".
Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ere abian da Mugipark; esaterako, Tolosan, Hondarribian eta Beasainen. Android zein iPhone sistemekin erabili daiteke, eta mugikorretik edota mugipark.com web orrialdetik deskargatu daiteke dagoeneko.