Sahara Eguna ospatuko dute Zarautzen abuztuaren 1ean

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko uzt. 25a, 09:15
Asteburuan Zumaian eta Zestoan ibiliko dira haur sahararrak. Zestoan herri bazkaria egingo dute, besteak beste. (Darahli)

Zarautz izango da Gipuzkoara etorri diren Saharako haurren elkargune. Bigarrenez antolatu dute eguna herrian, Saharautz elkartearen eta Zarauzko Udalaren eskutik.

Badira lau hamarkada baino gehiago Mendebaldeko Saharak gerra abiatu zuela Mauritaniarekin eta Marokorekin. Ondorioz, Xabier Euzkitze Saharautzeko kideak azaldu duenez, gaur egun «gehiago dira euren jatorrizko lurrak ezagutu ez dituztenak, ezagutu dutenak baino». 200.000 lagun bizi dira egun Saharan, Aljeriak utzitako basamortuko lur utzi eta hutsetan, 50 gradutik gorako tenperaturarekin, halamoduzko errefuxiatuen kanpalekuetan. Jakinak dira herri horien bizi baldintzak, baina inork zaintzen ez baditu, ikusezin bihurtuko dira.

Atzo goizean aurkeztu zuten Sahara Gara eguna, abuztuaren 1ean Zarautzen ospatuko dena, Patxi Elola Kooperazio zinegotziak eta Saharautz elkarteko kide Xabier Euzkitzek. «Urte asko daramatza lanean Saharautzek, eta horietako batzuk Zarauzko Udalarekin elkarlanean dihardu, saharar haurrei ongietorria eman eta kulturak elkar ezagutzeko ekitaldiak urtez urte antolatzen», azaldu du Elolak.

Iaz bezala, aurten ere, Gipuzkoako beste herrietara joandako haur sahararrak Zarautzen izango dira. Abuztuaren 1ean egingo dute, izan ere, Sahara Gara eguna. Goizean goizetik etorriko dira eguna pasatzera, herria bisitatu eta elkar ezagutzera. Arratsaldean, berriz, Sahara Egunaren barruan antolatutako ekitaldiei emango zaie hasiera. Lehenik, 17:00etatik aurrera puzgarriak jarriko dituzte Lege Zaharren Enparantzan, eta toki berean, 18:00etan, Dantzatekeren eskutik, dantza saioa egingo dute.

Beste uda bat eskualdean

Aurten Saharautzen bitartez sei haur ekartzea lortu dute: hiru Zarautzera, bi Oriora eta bat Getariara. Urola Kostako beste herrietan ere badaude saharar gehiago, Azpeitiko elkarteak bideratuta.
Ekartzeko garaian arazoak izan dituzte, Aljeriak bisatua ematen ez zuela eta. Horregatik, haur askok hilabete eta erdi pasako dute Euskal Herrian, bi hilabete oso beharrean.

Euzkitzek atzera begirada bat bota du prentsaurrekoan. Adierazi du 2001 urtean hasi zirela haurrak Saharatik hona ekartzen, garai hartan Zarauzko Udalaren bitartez. Oroitzen du udalak bazuela halako elkarte bat sortzeko nahia, baina pasatu ziren urte batzuk gauzatzerako. «Familiak galtzen joan ginen, eta indarrak batu asmoz, konpromisoa azaltzen genuenok elkartea eratzea erabaki genuen», azaldu du. Hortik sortu zen Saharautz.

«Lehen aparraldi indartsu bat izan genuen lan asko egin ondoren, eta ilusioa sortu zen. Elkarterik ez zeukaten herri asko lagundu genituen (Deba, Aizarnazabal, Azpeitia, Azkoitia...), berez gure eremua zenetik aterata. Hala, urte horietako batean 33 haur ekartzea lortu genuen, inoizko gehiena. Ondoren, aipaturiko herri horietan elkarteak eratzen joan ziren, eta beraz, eremua txikitu genuen; baina familiak ere galdu genituen».

Estimua sortzen

Saharan izan ez den ororentzat, edo bertako bizimodua gertutik ezagutu ez duen ororentzat, imajinaezina da nola bizi diren bertan; hala adierazi dute bai Euzkitzek, bai Elolak. «Egunotan Zarautzen bizitako beroa eramanezina izan bada, pentsa han; egun hauek beraiengan pentsaraztea egin digute», esan du Elolak.

Euzkitzek salatu du nazioarteko laguntza «limosna» gisa heltzen zaiela, haiei laguntzeko ez dagoela «ez intentziorik, ez politikarik». Aspaldidanik munduak ahaztuta daukan lurraldea dela, eta horrek itxaropenik gabea bilakatzen duela gehitu du. «Baldintza gogorrak edukitzea baino gogorragoa da itxaropenik gabeko herria izatea, eta gu horregatik ari gara lanean, munduak ez ditzan ahaztu».
Euzkitzek argi utzi du ez dela sufritzen dutenei bi hilabeteko oporrak ematea soilik. Bertan pairatzen duten egoera larria ikusaraztea funtsezkoa dela esan du, baina Saharautzen ustez, hemengo eta hango haurren arteko elkar ezagutza da giltzarria, hots, «biderik zuzenena» ikusarazteko: «Komunikazio horretatik sortzen da estimua».

Udan aisialdi ekintzez gozatzeaz gain, mediku azterketak eta osasunarekin lotutako saioak egiteko aukera izaten dute haurrek. Uda pasatzean, ordea, itzulerako ordua iristen da. Euzkitzek uste du baikorra izan behar dela momentu horietan: «Ematen digutena askoz gehiago da, joandakoan utzitako hustasuna baino». Eta gainera, kontaktua ere ez da erabat amaitzen; gaurko egunean komunikatzeko dauden erraztasunak baliatzen dituztela azaldu du, hastapeneko garaietan ez bezala.

32 haur Zumaian eta Zestoan ibiliko dira asteburuan

Larrabetzuko Bakeleku Udalekuetan 32 haur saharar ari dira uda pasatzen. Harrera familia nahikorik ez, eta udalekuen ideia bururatu zitzaien antolatzaileei. Hala, aurten Zumaiako 70 gazte animatu dira begirale lanak egitera udaleku horietan, hamar asteko txandetan banatuta.

Asteburu honetan, ordea, umeak udalekutik atera eta familia giroa ezagutu dezaten Zumaiara etorriko dira Darahli elkartearen eskutik. Ostiraletik igandera herrian ibiliko dira, eta begirale gazte horien familietan lo egingo dute. Egunez, hainbat ekintza egingo dituzte denek batera: ostiralean bertan egunpasa egingo dute Usurbilen, eta iluntzean nor bere Zumaiako familiarengana eramango dute.

Larunbatean, goizean itsasontziz irteera egingo dute, flyscharen inguruak ezagutzeko. Eguerdian udaletxean harrera egingo diete alkateak, zinegotziek eta Darahli elkarteko ordezkariek, eta ondoren Santio hondartzara joango dira, bazkaltzera eta jolastera.

Igandean, berriz, Zestoan izango da festa, Wadna elkarteak antolatuta. Uda Euskal Herrian igarotzen ari diren Saharako haurrei ongietorria egingo diete, tartean Zumaian daudenei. 13:00etan egingo da harrera udaletxean, eta ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, puzgarriak izango dira.

Bazkarirako txartelak Koiote tabernan eskura daitezke. Haurrek hiru euro ordaindu beharko dute, eta sei euro helduek. Entsalada errusiarra, gisatua eta tarta izozkiarekin izango da bazkaltzeko.