Zarautzen daude Euskarabentura espedizioko gazteak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko uzt. 24a, 17:37

Hilabete osoko espedizioa azken txanpan sartu da dagoeneko. Zarautzen igaroko dute gaur gaua, eta bertara heldu direnean, harrera egin diete Eusko Jaurlaritzako eta Zarauzko Udaleko kideek.

16:30 aldera iritsi dira Zarauzko malekoira Euskarabentura espedizioko gazteak. Euskal Herriko hamaika txoko zeharkatu dituzte uztail osoan zehar adin txikiko 119 partehartzailek eta haiek gidatzen diharduten 28 pertsonako lantaldeak.

Zarautzera iristean, gainera, bisita berezia izan dute gazteek. Zain izan dituzte malekoian Bingen Zupiria Euskara sailburua, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politika sailburua, Jesus Arana Zarauzko Udaleko alkateordea eta udaleko beste hainbat zinegotzi. Izan ere, BBK-rekin batera, Eusko Jaurlaritza da espedizioaren babesle nagusia. Zupiriak, Artolazabalek eta Aranak hitz batzuk zuzendu dizkiete gazteei. Bi sailburuek azaldu dute "inbidiaz" begiratzen dietela gazteei, beraiei ez zitzaielako tokatu halako esperientzia bizitzea. Zupiriak gogoan izan du udalekuetan begirale izan zela aspaldi, eta oso toki garrantzitsua izan zela udaleku hura euskaraz hitz egiteko, aurrez gazteleraz harremantzen zen jendearekin. Amaitzeko, euskararen alde egiten jarraitzeko eskatu die gazteei: "erakundeoi laguntzea dagokigu, eta desio dizuet jaso duzuen euskararen gar hori bizirik mantentzea". Artolazabalek ere euskararen aldeko hautua egitera gonbidatu ditu gazteak, eta Arana alkateordeak, berriz, ongietorria eman nahi izan die, azalduz, "harro" daudela 20.000 biztanletik gora izanik, Zarautz "hain herri euskalduna" izateaz.

Azken bi egunetako etapak "gogorrak" eta "berotsuak" izan badira ere, umoretsu iritsi dira hondartzara gazteak. Hilabete osoa Euskal Herria zeharkatzen igaro dute, eta orain, astebete baino ez zaie geratzen udako esperientzia amaitzeko. Orokieta ikastetxean igaroko dute gaua, eta arratsaldean, itsasoan bainua hartu ostean, Dantza filmaren inguruko hitzaldia izango dute ikastetxean bertan. Ondoren, Modelo aretora joango dira gazteak eta, bertan, Dantza filma ikusteko aukera izango dute, baita Telmo Esnal filmaren zuzendaria elkarrizketatzekoa ere.