Unax Alustizak irabazi du haurrentzako arrantza txapelketa

Dorleta Agiriano Lai 2019ko uzt. 28a, 14:14

14 urtera bitarteko 30 haurrek hartu dute parte aurtengo arrantza txapelketan, eta 1.110 gramorekin, Unax Alustiza izan da nagusi.

Aurten ere haurrentzako arrantza txapelketa antolatu dute Arkaitz-Mendi eta Galeperrak elkarteek. Hala, 09:00etan hasita, 30 haur aritu dira arrantzan Zarauzko moilatik Getariako kaira bitarteko eremuan.

12:30ean elkartu dira guztiak Arkaitz-Mendin, eta bakoitzak harrapatutako arrainak pisatu dituzte bertan. Modu horretan erabaki dituzte aurtengo irabazleak; Unax Alustiza izan da garaile, 1.110 gramorekin. Bigarren egin du Eñaut Arrillagak, 965 kilorekin, eta Janire Carrillo izan da hirugarren sailkatua, 814 gramorekin.

Arrain pisutsuena eta arinena harrapatu dituzten parte hartzaileak ere saritu dituzte. Nagore Alzak lortu du pisu handiena zuen arraina; hain zuzen, 262 gramoko karraspio bat. Telmo Elustondok, aldiz, gutxien pisatzen zuen arraina harrapatu du; 29 gramo baino ez zituen itsaskabra bat.