Aurten jokatutako guztia irabazi dute Badok 13ko arraunlariek

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 29a, 11:51
(Utzitako argazkia)

Atzo amaitu zen ABE beteranoen liga, eta bandera berriro etxeratuta, aurtengo ligako txapelduna izan da Badok 13 ontzia. Bestalde, Euskadiko Txapelketan ere zarauztarrak nagusitu dira. Asteazkenean omenduko dituzte, eguerdian.

Aurten ere denboraldi bikaina egin dute Badok 13ko arraunlariek. Estropadaz estropada eta astez aste, lidertzan berretsi da Zarauzko ontzia. Atzo jokatu zuten ABE beteranoen ligako azken estropada Getxon (Bizkaia), eta XII. Portu Zaharreko Ikurrina etxeratuta, aurtengo txapeldunak izatea lortu dute zarauztarrek.

Zortzi taldek hartu dute parte aurtengo denboraldian, eta atzoko estropadako puntuak gehituta, hala geratu da sailkapena:

  1. Badok 13 ZAE: 90 puntu
  2. Arkote: 73 puntu
  3. Fortuna: 67 puntu
  4. Getxo: 59 puntu
  5. Zumaia: 51 puntu
  6. Pontejos: 39 puntu
  7. Deustu: 35 puntu
  8. Sestao: 22 puntu
  9. Ibaialde: -

Bestalde, Euskadiko Txapelketa ere jokatu zuten atzoko estropadan. Lau ontzi aritu ziren lehia horretan; hain zuzen, Badok 13, Iberia, Arkote eta Zumaia. Zarauztarrak nagusitu ziren norgehiagokan; hala, Euskadiko txapeldun izendatu zituzten. Denboraldia ezin hobeto biribildu dute beraz: ABE ligako, Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun dira.

Asteazkenean, uztailak 31, arraunlariak omenduko dituzte Zarautzen. 12:00etan jarri dute hitzordua Musika plazan, eta 13:00etan, Zarauzko udaletxean egingo diete harrera.