Zabaldu dute IAT zentro berria

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 29a, 15:30
Hasi dira hainbat ibilgailu zentro berrian azterketa pasatzen. (Onintza Lete Arrieta)

Gaurtik aurrera ibilgailuen azterketa pasa daiteke Zarauzko IAT zentro berrian. Hitzordua aurrez hartzeko aukera ere badago, telefonoz zein internet bidez.

Ia bi hilabetez atzeratu da Zarauzko IAT zentro berriaren irekiera, azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren baimen bat dela eta. Itasua enpresak hala jakinarazita, gaur zabaldu dute zentroa, eta beren webgunean zein telefonoz (943-10 42 50) hitzordua hartzeko aukera dago.

Aurrez jakinarazi bezala, Araba kaleko 43 zenbakian dago zentroa, Eroski Hipermerkatuaren ondoan. Ibilgailuen azterketa pasatzeko hiru lerro izango ditu, eta ibilgailu arinek eta turismoek soilik izango dute azterketa pasatzeko aukera. 08:00etatik 19:30era egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera bitartean.

Maiatzaren hasieran jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak zerbitzua arintzeko asmoz zentro berriak zabalduko zituela Gipuzkoan eta Bizkaian.

Hiru lerroak, beteta

Gidari asko zeuden aspalditik Zarauzko zentroa ireki zain, eta gaur arratsaldeko lehen orduan, 15:30ean, beteta zeuden hiru lerroak. Furgoneta bat, auto bat eta moto bat ari ziren azterketa pasatzen.

Zarauztar aita-seme batzuk hitzordua hartzen ari ziren bulegoan, autoko dokumentazioa eskuetan. "Oraintxe hartu dut hitzordua, eta berehala pasako dut azterketa. Erosoa da herrian bertan edukitzea hau. Gainera, azken boladan asko itxaron behar da hitzordua hartzeko, eta hemen momentuan hartu ahal izan dut", azaldu dio HITZAri semeak.