Berrikuntzak egin dituzte TAO ordenantzan

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 1a, 12:54

Uztaileko ohiko osoko bilkuran TAO ordenantzaren hainbat egokitzapen onartu zituen. Besteak beste, Hiruerreketako gune berria txertatzea (8. gunea) eta ordenantza betetzen ez duten ibilgailuak garabiarekin jasotzea ahalbidetuko du.

Zarauzko Udalak, TAO sistemaren egokitzapen kontratu berria onartu zuen uztailaren 23an egindako udalbatzan. Egokitzapen horretan, besteak beste, Hiruerreketa auzoan egoiliarrek aparkatzeko gune berri bat txertatu dute: 8. gunea. Hala, TAO sisteman txertatuko dute Hiruerreketako aparkalekua ere, eta egoiliarrek 30 plaza izango dituzte aparkaleku berri horretan, 8. guneko egoiliar bereizgarria duten ibilgailuentzat gordeta.

Jakinarazi dutenez, egoiliarren aparkaleku guztiak 24 orduz zainduta egongo dira eta, era berean, TAO kontratu berriak, TAO ordenantza betetzen ez duten ibilgailuak garabiarekin jasotzea ahalbidetuko du. Udaltzaingoaren datuen arabera, garabiak ibilgailua erretiratu ezkero 90 euro eta dagokion isuna ordaindu beharko dira autoa berreskuratzeko.

Udalbatzarrean ez ziren udal talde guztiak egokitzapen berrien alde agertu. PSE-EE eta EAJren aldeko botoekin onartu zen ordenantza berria, eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen. Besteak beste, EH Biluk azaldu zuen hartutako neurriak "ez zirela nahikoa" mugikortasun jasangarri baten alde egiteko, eta "kalte gehiago sortzeko arriskua" ikusten zutela.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azpimarratu du TAO ordenantza "egokitzen" joan behar den "dokumentu dinamiko bat" dela: "Ahal den heinean, Zarauzko egoiliarrei eta bisitariei aparkalekua erraztu behar diegu, baina, era berean, gure ibilgailuak modu arrazional batean erabiltzeko esfortzua egin behar dugu guztiok, Zarautz jasangarriagoa izateko".

Mugikorretik moldatzeko

Aipatutakoaz gain, kontratu berriak Mugipark mugikorretarako aplikazioa martxan jartzea ahalbidetu du. Horren bidez, erabiltzaileek tiketa ordaindu, aparkatzeko denbora gehitu edo isunak ordaindu ditzakete. Aplikazioa doan deskargatu daiteke Android edo iPhone sistema duten mugikorretan.