Izena eman daiteke III. Euskal Kosta Krosean

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 30a, 10:00
Eskualdeko udaletako ordezkariak gaur Getarian egin den aurkezpen ekitaldian.

Irailaren 28an izango da lasterketa, 17:00etan, eta Getarian hasi eta amaituko da. Aurretik patinatzaileen txanda izango da, 16:30etik aurrera.

Bihar zabalduko dute irailaren 28an jokatuko den III. Euskal Kosta Kroserako izen-ematea. Aurten Getarian izango du hasiera eta amaiera lasterketak, eta, korrika saioaz gain, patinatzaileen proba ere izango da. Bietarako izen-ematea zabalik izango da www.kronoak.eus webgunean.

Hirugarren urtez antolatuko dute N-634 errepidean zehar egiten den lasterketa hau, Urola Kostako Udal Elkartearen bidez. Lehen urtean Zumaian izan zuen hasiera eta helmuga, iaz Zarautzen, eta aurten Getarian antolatuko dute. Getariako Udalak antolatuko du lasterketa, GetaiTri triatloi taldearekin elkarlanean.

Antolatzaileen esanetan, lasterketa honen helburua eskualdeko bost udalerrien harteko harremanak sendotzea da, indarrak batuz. Aldi berean, bailara ikuspuntua ere bultzatu nahi dute Urola Kostako eskualdea ezagutzera emateko.

Gaur eguerdian Getarian egindako aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, lasterketa Getariako frontoitik abiatuko da 17:00etan, eta Zumaiarako bidea hartuko du. Zumaian, Gernika parketik barrena Amaiako plazara helduko da, eta Erribera kalea zeharkatu ondoren, Patxita Etxezarreta kaletik joanda Getariara bueltatuko dira. Kostako errepidetik jarraituta, Zarautzera helduko dira. Kale Nagusian sartu eta San Frantzisko kaletik, Nafarroa kalera helduko dira, berriro ere Getariara itzultzeko. Lasterketa amaiera Malkorbe hondartzarako bidegurutzetik igaroko da: portura jaitsi, Artzape hartu eta kale Nagusian gora eginda udaletxe alboan amaitzeko.

Korrika saioarekin batera, iaz egin bezala, patinatzaileen lasterketa ere izango da. 16:30ean abiatuko da Zarauztik. Getariatik pasa ondoren, Zumaiako herri sarrerako biribilguneari buelta emango diote, eta Zarautzera itzuliko dira.

Izen-ematea

Bi probetarako izen-ematea bihar zabalduko dituzte. Lasterketaren kasuan, inskripzioagatik 20 euro ordainduko dira bihartik abuztuaren 31ra bitartean; irailaren 1etik 24ra bitartean, berriz, 25 euro ordainduko dira. Patinatzaileei dagokionez, inskripzioa 20 euro izango da.

Kirol proba hauen informazioa (araudia, izen-emateari buruzko argibideak, nahiz ibilbideak) eskuragarri izango dira www.euskalkostakrosa.eus webgunean abuztuaren hasieratik aurrera.