Udako 31. Musikaldia, ate joka

Dorleta Agiriano Lai 2019ko uzt. 30a, 14:14
Irune Urbieta eta Fernando Llopis, 31. Udako Musikaldiaren aurkezpenean. (Dorleta Agiriano Lai)

Aurten ere Zarauzko Parrokia bilakatuko dute Udako Musikaldiaren plaza nagusi. Igande honetan izango da aurreneko kontzertua; 'Historia de un soldado'.

Zarauzko Udako Musikaldiak 30 urte bete zituen iaz, eta urteurrena ospatu ostean, indarberrituta eta berrikuntzekin dator aurten. Datorren igandean, abuztuak 24, hasiko da urteroko musika zikloa. Hala, abuztuaren 29ra bitartean, bost emanaldi izango dira Udako 31. Musikaldiaren barruan. Aurten ere Zarauzko Parrokia bilakatuko dute Musikaldiaren plaza nagusi, baina Modelo aretoa ere sartu dute mapan. Bestalde, ostiraletan eta larunbatetan beharrean, ostegunetan eta igandetan izango dira saioak.

Bost emanaldi

Igor Stravinskyren Historia de un soldado lanarekin inauguratuko dute aurtengo egitaraua. Ensemble Zima taldea taularatuko da Parrokian; tartean, Iker Ortiz de Zarate aktorea, Victor Parra biolin-jotzailea, Enara Susano kontrabaxu-jotzailea edota Iñigo Sarasola tronboi-jotzailea. Asier Puga ariko da zuzendari lanetan. Antolatzaileen arabera, "erabaki egokiak hartzearen inguruan" hitz egiten du obrak, baita "erabakikok gure bizitzetan izaten duten eraginaz ere".

Abuztuaren 8an Globe Story antzezlan mutua eskainiko dute Modelon. "Maitasun istorioa" zein "umorearen histeria" islatzen ditu lanak, eta "familian gozatzeko" dela nabarmendu dute.

Bestalde, Trio Esaldi hirukotearen txanda izango da abuztuaren 18an. Pau Fogas ariko da biolina jotzen, Maria Rodriguez biolontxeloan, eta Maria Teresa Saiz pianoan. Beethoven zein Shostakovich-en lanak joko dituzte Parrokian. Handik astebetera, laukote bat izango dugu oholtzan; Cuarteto Gerhard. Lluis Castan, Judit Bardolet, Miquel Borda eta Jesus Mirallesek osatutako taldea da, biolinaren eta biolontxeloaren doinuak uztartzen dituena. Barber, Glass eta Schubert-en abestiak entzuteko aukera izango da Cuarteto Gerharden eskutik.

Azkenik, Udako Musikaldia amaitzeko, folk musikak hartuko du Modelo. Lulavai arpa laukoteak eskainiko du aurtengo azken kontzertua; hain zuzen, Josefa Fernandez, Paula Oanes, Elena Paz eta Lorena Reinaldok.

Modelo aretoan izango diren bi emanaldiei dagokienez, beharrezkoa izango da sarrerak aldez aurretik eskuratzea, doakoak izan arren. Hala, ikuskizunak hasi baino bi ordu lehenago irekiko dute Modeloko txarteldegia; hain zuzen, 16:00etan abuztuaren 8an, eta 18:00etan abuztuaren 29an.

Egitaraua

  • Abuztuak 4, igandea. Historia de un soldado, Ensemble Zima. 21:00etan, Parrokian.
  • Abuztuak 8, osteguna. Globe Story, El Perro Azul. 18:00etan, Modelo aretoan.
  • Abuztuak 18, igandea. Trio Esaldi. 20:00etan, Parrokian.
  • Abuztuak 25, igandea. Cuarteto Gerhard. 20:00etan, Parrokian.
  • Abuztuak 29, osteguna. Lulavai arpa laukotea. 20:00etan, Modelo aretoan.