Txiki utzi du malekoia 'Los 40 Summer Live' jaialdiak

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 31a, 11:07

Ezohiko irudia da bart malekoian ikus zitekeena. Jendetza bertaratu zen 'Los 40 Summer Live' jaialdia ikustera, eta hainbat herritarrek jaialdiaren aurkako jarrera azaldu badute ere, goraino bete zen itsas pasealekua.

Pol Granch, Don Patricio, Alfred Garcia, Lola Indigo... Zarauzko malekoiko oholtzan izan dira horiek guztiak bart. Itsas pasealekua goraino bete zuten ikusle gazteek Damaren inguruan, eta 20:30ean hasitako festa 01:00ak baino beranduagora arte luzatu zen. Malekoian beren tokia topatu ez zutenek hondarretatik gozatu zuten kontzertuez, eta hala, Zarauzko malekoian gutxitan ikus daitekeen irudia utzi zuen atzoko gauak.

Jendetzaren artean ikus zitekeen pankartaren bat Los 40 Summer Live jaialdiak eskaintzen zuen ikuskizun ereduaren aurka, Jaiak herritik eta herriarentzat, eta antzeko mezuekin. Sare sozialetan ere denetariko erreakzioak izan dira. Askok goraipatu dute jaialdia, baina izan da gogor kritikatu duenik ere. "Bortxaketaren kultura" sustatzea egotzi dio zenbaitek udalari, atzo oholtza gainean izan ziren musikarien letrak direla eta.