Irribarriak eta Galartzak irabazi dute Aritzbataldeko Pilota Jaialdia

Iker Irribarria. (baikopilota.eus)

Aritzbatalde pilotalekuan Aspe enpresak antolatutako jaialdia izan da gaur arratsaldean. Lehen partidan Dario eta Tolosa nagusitu dira.

Lehen partida ez bezala, estua izan da gaurko partida nagusiko bikoteen arteko lehia. Irribarria eta Ladis Galartza gorriz jantzita aritu dira Ezkurdia eta Bikuñaren aurka. Azken honentzat, hain zuzen, lehen partida nagusia izan da. Ia uneoro berdinduta mantendu dute markagailua pilotariek. 16-16koaren ostean, 18-16 aurreratu dira Irribarria eta Galartza azken atsedenaldi luzera iritsi baino lehen. Urdinek ezin izan diete horren gertutik jarraitu Irribarriari eta Galartzari partidaren azken txanpan, eta azkenean, 22-17ko markagailuarekin amaitu da partida.

Partida nagusiaren aurretik izan dute norgehiagoka Dariok eta Tolosak Jaunarena eta Mendizabalen aurka. Lehen bikotea nagusitu da lehian, 22-13ko markagailuarekin. Azkar zabaldu da bi bikoteen arteko aldea partida horretan, eta Jaunarenak eta Mendizabalek apur bat hurbiltzea lortu badute ere, Dariok eta Tolosak uneoro izan dute partida kontrolpean.