[EDUKI BABESTUA] Wasabi Manga, komiki japoniarrean espezializatutako denda Zarautzen

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 2a, 10:32
Komikiei esker ezagutu zuten elkar Aitzolek eta Zurinek, eta orain denda zabaldu dute Zarautzen (Onintza Lete Arrieta)

Hogei urte daramatzate mangaren munduan murgilduta Zurinek eta Aitzolek. Hala, bezeroei aholku eta laguntza pertsonalizatua eskaintzen diete. Kluba ere sortu dute.

Zarautzen zabaldu dute Urola Kostako aurreneko komiki denda: Wasabi Manga. Ez da komiki denda arrunta, ordea. Batetik, manga komikiak bakarrik dituzte apaletan. Eta arrazoia sinplea da: dendaren jabeak komiki mota horretan daude espezializatuta. Zurinek eta Aitzolek hogei urte daramatzate manga komikiak kontsumitzen, eta barru-barrutik ezagutzen dute mundu hori.

Bestetik, dendan bertan gela bat prestatu dute, hainbat erabileratarako: manga marrazki japoniar eskolak emango ditu Zurinek irailetik aurrera, eta asteburuetan, bazkideentzat doako aktibitateak eskainiko dituzte. Izan ere, beste berezitasunetako bat da dendak kluba eta bazkideak izango dituela. «Gure asmoa da, batez ere negura begira, asteburuetan hau bizitzaz betetako toki bat izatea, eta gazteak lasai etorri ahal izatea beren interes berak dituzten beste herritarrekin elkartu eta denbora pasatzera toki sano batean».

Umeentzako gauza ugari

Dendan dagoen edukia oso lotuta dago Japoniari. Komikiak handik ekartzen dituzte, gaztelaniara itzulita. Horrez gain, herrialde hari lotutako hainbat produktu dituzte salgai: komikiei lotutako animazioa eta arte liburuak; marrazketa liburuak; hainbat eratako mahai jokoak; puzzleak; eleberriak eta DVDak; figurak; arropa, eta abar.

Ilustratzaileak dira bai Zurine, bai Aitzol, eta horregatik hainbat marrazketa liburu dute dendan. Giza anatomiari buruzkoak batzuk, hasiberrientzat nahiz jada jakintza bat badutenentzat; haurrek animalia moñoñoak egiten ikastekoak beste batzuk...

Haurrentzat ere eskaintza zabala dute: Doraemon eta Gokuren pijamak haur txikientzat, Dragoi Bolaren monopolia, egurrezko sushi-en jostailua, motxilak, mozorroak, jertseak, jokoak...

Adin guztietako haurrek aurkituko dute gustuko zerbait, eta oparitzeko ere aukera zabala dago. Izan ere, dendan ez dagoena katalogo bidez ekar dezakete egun gutxi batzutan.

Arreta oso pertsonalizatua

Komikiak eta Japonia maite dituzte Aitzolek eta Zurinek, eta pasio handia jarri dute proiektu berri honetan. Hainbat xehetasunetan nabari da hori. Adibidez, dendari eman dioten itxura argi eta lasaian. Edo astero erakusleihoan denen bistara jartzen duten gomendioan. Eskuz egiten dute, eta beraiek agertzen dira marraztuta, bezeroek jakin dezaten bietako norena den gomendioa.

Bezeroarekiko harremanari eta haiei tratu pertsonalizatua eskaini ahal izateari ere garrantzia handia eman diote. «Komiki amerikarra ez dugu ekarri dendara ez dugulako ezagutzen eta ezingo genukeelako gomendatu», azaldu dute. Hala ere, nahi izanez gero bestelako komikiak erreserbatzeko aukera badago Wasabi Mangan. Izan ere, bezeroak asetzea da euren lehentasuna.

Informazioa

DENDA

  • Helbidea. Herrikobarra, 19.
  • Ordutegia. Asteazkenetik igandera, 10:00-13:00 eta 17:00- 20:00.

WASABI KLUBA
Elkartzeko tokia. Larunbat arratsaldeetan eztabaida saioak, ekitaldiak, lehiaketak nahiz hitzaldiak egiteko.

BAZKIDETZA, DOAN
Egin beharrekoa: bidali "quiero ser socio" esaldia 622 32 28 76 zenbakira, eta modu automatikoan egin ahal izango da bazkidetza.

ONURAK

  • Hilero newsletter-a jasoko dute bazkideek dendako nobedadeekin eta egingo diren aktibitateen informazioarekin.
  • Ikastaroetako matrikula doan.
  • Antolatzen diren aktibitateetan doan parte hartzeko aukera.

IKASTAROAK
Irailetik aurrera, manga marrazketa ikastaroa. Matrikula: 50 euro (bazkideek doan). Astean 1,5 ordu (50 euro) edo 3 ordu (75 euro).

WEBGUNEA
wasabimanga.com webgunean hasiberrientzako informazioa dago, baita asteko eta hilabeteko gomendioak eta beste hainbat informazio ere.