Zabaldu dute Hazilan proiektuaren 8. edizioan izen emateko epea

Edizio honetan parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute. Irailaren 12an, informazio-saio bat egingo dute Udal Elkartearen Zarauzko egoitzan.

Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan proiektuaren zortzigarren deialdia egin du. Proiektuaren helburua langabeei laneratzen laguntzea eta lanean ari direnen lan aukerak hobetzea da. Egitasmoa eskualdeko enpresa eta langabe edota lana hobetu nahi dutenei bideratuta dago. Orain
arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko 7 edizioetan zehar, guztira, 109 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 46 enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).

Prestakuntza zehatza eta praktikak

Zortzigarren edizio honetan, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute. Bestetik, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte parte hartzen duten gazteek. Amaitzeko, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Informazio saioa

Antolatzaileek informazio-saio bat egingo dute irailaren 12an, 10:00etan, interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasunak azaltzeko.Udal Elkartearen egoitzan izango da saioa, Zarautzen, Urdaneta bideko 6. eraikinean.

Programaren xehetasun guztiak jakiteko, sartu esteka honetan.