Bigarren postua Enbatarentzat Getarian

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 4a, 14:43

Asteburu gogorra izan dute KAE 1eko arraunlariek, bi estropadarekin. Atzo hirugarren eta gaurkoan bigarren amaitu dute Enbatako mutilek.

Getariako Ikurrina jokatu dute gaur goizean KAE 1eko mutilek. Donostiarra B taldea izan da nagusi gaurkoan (20:21,11), eta haren atzetik helmugaratu da Zarauzko txalupa, 20:23,86ko denborarekin. Segundo bat baino gutxiagoko aldea aterata, Getariako trainerua iritsi da Enbataren atzetik helmugara (20:24,63). 

Estropadaz estropada, ez da lehen postuetatik aldentzen Enbata taldea, eta asteburuz asteburu ohorezko txandan mantentzea lortu dute Gari Urangaren mutilek. Hori dela eta, sendo eusten diote sailkapen orokorreko lidertzari 134 punturekin. Atzetik estu jarraitzen diete, ordea, Deustok (125 puntu) eta Donostiarrak (110 puntu).

Etxetik gertu izan dute azken estropada zarauztarrek, eta datozen asteburuetan ere ez dute urrutira joan beharrik izango. Abuztuaren 11n Zumaian izango dira, eta hurrengo asteburuan, Zarauzko Ikurrina jokatuko dute etxean. 

Erlazionatuak

Enbata hirugarren izan da Camargon

Zarauzko Hitza 2019 abu 03 Zarautz