Jendetza bildu da Lege Zaharren Enparantzan Adela eguna ospatzeko

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 4a, 17:00

ELA gaixotasuna ikusgarri egiteko eta gaixoak eta haien familiak diruz laguntzeko festa antolatu dute gaur. Tonbola, bazkaria, jolasak, taberna... denetik izan da Lege Zaharren enparantzan. Omenaldi xume batekin hasi dute eguna; ELA gaixotasuna duen Maribel Telletxe zarauztarrari lore sorta eskaini diote. Ondoren, batukada, musika, jolasak eta tonbola izan dira, eta eguerdian paella jateko aukera izan dute bertaratu direnek. 

Jendetza inguratu da plazara, eta arrakastatsuak izan dira antolatutako ekintza guztiak, batez ere, tonbola. Bertan lanean aritu diren boluntarioek azaldu dute "gelditu ere egin gabe" jardun direla denbora guztian. Txikienek, berriz, Hiruerreketako jolas erraldoiez gozatzeko aukera izan dute gaurkoan ere.