Zingira basoa ezagutzeko hirugarren txangoa egingo dute gaur

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 9a, 10:41

Zarauzko Udalaren 'Eraztun Berde Urdina' egitasmoaren baitan, aurreko bi udaretan bezala, aurten ere Zarauzko ingurumena ezagutzeko irteerak antolatu ditu. Gaur arratsaldean izango da hirugarren ibilbide gidatua, Zingira basora, 17:30etik 20:00etara.

Udalaren Agenda 21 departamentuak iaz Iñurritzako biotopora eginiko bisiten balorazio onak aintzat hartuta, Zarauzko ingurumena herritarrei erakusten eta irakasten jarraitzea erabaki eta txangoekin jarraitu dute aurtengo udan ere. Dena den, aurtengo jomuga ezberdina izaten ari da irteera batzuetan: beti Iñurritzara joan beharrean, batzuetan Zingira basora.

Abuztuaren 9an eta 23an antolatu dituzte irteerak Zingira basora. Beti arratsaldez izango dira, euskaraz zein gazteleraz, eta edozein kasutan behar-beharrezkoa izango da Turismo Bulegoan izena ematea, doakoa den arren. Abiapuntua edo elkargunea, beti ere, Aiten Etxeko parkina izango da.