Izena eman daiteke irailaren 4eko trikitilari gazteen txapelketan

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 9a, 12:00
Iazko irudi bat.

Parte hartzaileek txapelketaren egunean 20 urte bete gabe izan beharko dituzte. Lau pieza joko dituzte guzti-guztiek: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina.

Euskal Astearen baitan, Zarauzko Udalak urtero antolatzen duen Trikitilari Gazteen XXXIX. Txapelketarako izena eman daitekela adierazi du. Irailaren 4an ospatuko da Lege Zaharren enparantzan, 19:00etan, eta eguraldi txarraren kasuan Modelo Aretora mugituko da ekitaldia. Gaurtik hasi eta abuztuaren 26a bitartean eman beharko da izena, Zarauzko Turismo bulegora joanda edo 943 00 51 19 telefonora deituta.

Lehiakide guztiek 20 urte baino gutxiago izan beharko dituzte txapelketaren egunean, eta adina egiaztatzeko familia liburua edo nortasun agiria aurkeztu beharko dela iragarri du udalak. Parte hartzaileek lau pieza jo beharko dituzte: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Hauetariko piezaren bat norberak sortutakoa izan liteke, eta kasu horretan epaimahiari aurrez abisatu beharko zaio. Gainera, trikitilariek trikitixa eta porrusalda koplaz lagundu beharko dute, eta janzkera tradizionalaren ezaugarriak mantendu beharko dituzte.

Bi sari nagusi izango dira txapelketan: bikote irabazleari 250 euro, oroigarria eta txapela emango zaio, eta bigarrenari 175 euro. Herriko lehen bikotearentzat sari berezia egongo da, oraindik zehaztu gabea, eta txapelketan parte hartu duten gainerako bikote guztiei 70 euroko dieta emango zaie; kanporaketa fasea gainditu ez dutenei 50 euro.