Euskal Astea 2019

Aurkeztu dute Euskal Jai eguneko IV. Orga lehiaketa

Euskal Jai egunean kuadrilek kalera ateratzen dituzten orga landuen lehiaketa bat egin eta sarituko dira laugarren urtez jarraian, Zarauzko Udalaren eskutik. Dagoeneko izena eman daiteke, irailaren 8a bitartean.

Garai bateko karrozen lehiaketako tradizioari eusteko beste modu baten gisan, laugarren urtez jarraian kuadrilek atondutako orgen lehiaketa ospatuko dute Euskal Jai egunean, irailaren 9an, 13:30ean. Aurtengo ekitaldian Joxe Mari Zuazobide zarauztarra omenduko dutela iragarri dutela udaletik, izan ere, "urte luzez karroza lehiaketan parte hartu eta azken hamarkadetako karroza ikusgarrien egile eta sustatzailea izan da".

Parte hartzeko baldintzei dagokionez, Zarautzen erroldatutako edonork izango du aurkezteko aukera, eta izena Turismo bulegoan edo 943 00 51 19 telefono zenbakira deituta eman beharko da, irailaren 8ko 13:00 baino lehen. Izena emandakoan zenbaki bat jasoko du parte-hartzaile bakoitzak, eta zenbaki hori lehiaketa ospatzen den egunean aurkeztutako organ bistan jarri beharko du.

Gaiari dagokionean, librea izango dela adierazi du udalak, baina azpimarratu du euskal kulturaren edo Euskal Jaietako ohiturekin zerikusia izan beharko duela. Horrez gain, supermerkatuetako karroak ezingo direla aurkeztu adierazi du, ez eta inolako publizitaterik egin ere.

Sari potoloak

Guztira ia 2.000 euro banatuko ditu sarietan Zarauzko Udalak. Irabazleari 300 euroko saria emango zaio, bigarrenari 200 eta hirugarrenari 150. Gainerako 1.300 euroak, bestalde, epaimahaiak erabakitako gainontzeko partaideen artean banatuko dira, eta ez da izango 150 euro baino gehiagokoa.

Orga guztiak Lege Zaharren enparantzan egon beharko dira 13:30ean. Epaimahaia honako kideek osatuko dute: Xabier Txurruka alkateak, Ixidor Larrañaga Jai eta Ekitaldi zinegotziak eta zehazteke dagoen hirugarren pertsona batek.