Hondartzako bainu egokituaren gaiak hika-mika sortu du sare sozialetan

Zarauzko hitza 2019ko abu. 11a, 10:18
Bainu egokitua eskaintzeko eserleku bereziak Zarauzko hondartzan. (Facebook: Xabi Txurruka)

EH Bilduko bozeramaile Itziar Muruak uztaileko udalbatzarrean egindako adierazpenei erantzun die Xabier Txurruka alkateak sare sozialetan, baina erantzunaren tonua "desegokia" iruditu zaio Muruari eta azalpenak eman nahi izan ditu.

Itziar Muruak uztaileko udalbatzarrean egindako adierazpenek hika-mika sortu dute sare sozialetan. Antza denez, Muruak Zarauzko hondartzako bainu egokitu zerbitzua "kolokan" dagoela adierazi zuen udalbatzarrean. Horren aurrean, Xabier Txurruka alkateak sare sozialetan salatu du, Itziar Muruak eta EH Bilduk "gezurraren bidea aukeratu" dutela "berriz" oposizioa egiteko. "Ondo dakite bainu egokituaren zerbitzua Zarauzko hondartzan ematen dela, hala baitago sorospen kontratuan jasota. Zerbitzua ematen da, beti ere bandera berdea dagoenean".

Zarauzko alkatearen adierazpenen aurrean, Itziar Muruak azalpenak eman nahi izan ditu. Alde batetik, nabarmendu du "elkarrizketaren bidetik elkarlanean aritzeko borondatea" agertu zuela EH Bilduk agintaldi hasieran, eta asmo berberarekin jarraitzen dutela orain. Dena dela, Xabier Txurruka alkateak egindako "akusazio faltsuari" erantzun egin nahi izan dio Muruak. "Izan ere, kolokan hitzak ez du zerbitzua ematen ez denik esan nahi, zerbitzua emateko zailtasunak areagotu direla baizik. Bestetik, nik esandakoetatik xehetasun honetan horrela zentratzeak gure mozioan eta bere defentsan jasotako argudioetan arrazoi dugula agerian lagatzen du". 

Horrez gain, Muruak uste du, alkatearen idatziaren tonua ez dela "alkate batek erakutsi beharko lukeen errespetuzko tonua, are gutxiago elkarlanean aritu behar den oposizioarekin. Ez dut alkateari zuzenean erantzuteko aukerarik izan, bere Facebookeko lagunentzat bakarrik argitaratu duelako idatzia, garbia ez den jarrera bat erakutsiz".