Arrauna izango da protagonista asteburuan

Zarauzko hitza 2019ko abu. 13a, 13:51
Zarauzko estropaden aurkezpen ekitaldia egin dute gaur. (Aiora LarraƱaga)

Larunbat eguerdian, KAE 1 ligako estropada jokatuko du Enbatak, etxean. Bestetik, larunbat arratsaldean eta igande eguerdian, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak izango dira.

Zarauzko Aste Nagusiaren barruan garrantzi berezia izan ohi dute traineru estropadek, eta arraun taldeentzat eta zaleentzat gorriz markatutako hitzordua izan ohi da. Aurten gainera, Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak jokatzeaz gain, KAE 1 ligako estropada ere izango da, larunbat goizean.

Gaur eguerdian egin dute Zarauzko estropaden aurkezpen ekitaldia, eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak eta Zarautz Arraun Elkarteko presidente Jon Artolak etxeko trainerua egiten ari den denboraldi bikaina azpimarratu dute, eta larunbat eguerdian urdinez janztera eta etxeko taldea animatzera deitu dituzte zarauztarrak.

Historia luzeko estropada
Zarauzko alkateak nabarmendu du lau hamarkada baino gehiago daramatzala Zarauzko Udalak traineru estropaden aldeko apustua egiten, eta zarauztarrak eta bisitariak estropadez gozatzera gonbidatu ditu. "Badakigu ikuskizun bikaina ikusteko aukera izango dugula asteburuan herrian. Emakumezkoetan Oriok irabazi du dagoeneko Euskotren liga, baina gizonezkoetan lehia estua izango dela uste dugu, pasa den igandean bertan, bost talde sailkatu baitziren hamar segundoren bueltan".

Zarauzko alkatearen iritzi berekoa da TKEko zuzendaritzako kide Igon Lertxundi ere. "Traineru guztiak Zarauzko ikurrinak irabazteko desiratzen egoten dira, eta arraun taldeak beren puntu onenean iristen dira estropada honetara. Beraz, arraun ikuskizun bikaina espero dugu Zarauzko uretan". Horrez gain, Lertxundik gogorarazi du, Zarauzko estropadarekin amaituko dela emakumezkoen Euskotren liga, eta Orioko Txiki traineruko kideek jasoko dutela Euuskotren ligako garaikurra.

Arraun zaleen gunea
Bestalde, azaldu dute, larunbat arratsaldean eta igande goizean Fan Zone izenekoa ere jarriko duela TKEk Zarauzko Musika Plazan, eta bertako pantailetatik estropada zuzenean jarraitzeko aukera izango dutela, estropada eremuaren ingurura hurbiltzen ez diren herritarrek.

Bukatzeko, TKEko ordezkariak Zarautz Arraun Elkarteak herriko estropadak antolatzeko egiten duen lana azpimarratu du. "Beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke, Zarauzko estropada behar den bezala antolatzea. Bide batez, egiten ari diren denboraldi bikainagatik zoriondu nahi ditugu".

ASTEBURUKO ARRAUN EGITARAUA

Abuztuaren 17a, larunbata
- 12:00etan, KAE 1 ligako estropada.
- 18:30ean, Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak.

Abuztuaren 18a, igandea
- 11:30ean hasita, Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak.