"Futbol talde gaztea eta ganorazkoa osatu dugu Orion"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko abu. 15a, 16:00

Pasa den astean, Orioko preferente mailako taldearen gidaritza hartu zuen Gari Aguado zarauztarrak, eta esku artean duen proiektu berriarekin oso gustura dagoela aitortu du.

Bizitza osoa darama Gari Aguado zarauztarrak futbolaren munduan murgilduta. Gaztetan Zarauzko eta Orioko futbol eta areto futbol taldeetan jokatu zuen, eta azken urtetan Zarautz Kirol Elkarteko hainbat futbol talde entrenatu ditu.  

Ilusioz hartu al duzu proiektu berria?
Bai, Orioko Futbol Taldeko zuzendaritzako kide Jaime Coladoren bitartez sortu zitzaidan preferente mailako taldea entrenatzeko aukera, eta ilusio handiarekin abiatu dugu denboraldia Aitor Oianguren Beltza laguntzaileak eta nik neuk. Jakin badakit urte gogorra izan zela aurrekoa taldearentzat, oker ez banago hiru jokalarik bakarrik baitzuten taldean jarraitzeko asmoa denboraldi hasieran. Horren aurrean, aurreko entrenatzaile Iban Luis Txipi-k eta zuzendaritzako kideek egindako ahaleginari esker taldea berreraikitzea lortu zuten, eta tarte hau aprobetxatu nahiko nuke,  pasa den denboraldian Txipi-k egindako lana azpimarratzeko, zuzendaritzako kideek azaldu didatenez, berari esker mantendu baitzen taldea preferente mailan. 

Taldearen ardura hartu berri duzu. Nola ikusi duzu taldea?
Pasa den astean abiatu genituen entrenamenduak, eta oso sentipen onak izan ditugu. Talde gaztea eta ganorazkoa da, eta oso gustura gaude. Hasiera batean, ez genekien jokalariek taldean jarraitzeko asmorik zuten, baina ezusteko atsegina hartu dugu, aurreko urtetan futbola utzitako hainbat jokalari ere bueltatu egin baitira. Oraingoz hogei jokalaritik gora ditugu.

Zer helburu markatu dituzu denboraldi berrirako?
Oraindik ez ditugu helburu zehatzak ezarri, horretarako elkar hobeto ezagutu behar dugula uste dudalako. Hala ere, taldearen ardura hartu baino lehen, zuzendaritzari jarri nion baldintza, talde lehiakorra osatzea izan zen. Hasierako helburu hori bete dute, eta oso gustura gaude ikusten ari garenarekin.

Atzo hasi zenituzten aurre-denboraldiko partidak. Garrantzitsuak izaten al dira denboraldia ondo hasteko?
Hasiera batean aurre-deboraldiko partidak entrenamendu gisa ulertzen ditugu. Entrenatzaileok eta jokalariak elkar ezagutzeko balio dute; baita, entrenatzaileok buruan ditugun ideiak zelaian azaltzen joateko ere. Horrez gain, garrantzitsuak izaten dira, jokalariei pixkanaka forman jartzen laguntzeko.