Beethoven eta Shostakovich autoreen melodiak entzungai igandean, Parrokian

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 16a, 11:15

Udako Musikaldiaren barnean, Trio Esaldi hirukotearen eskutik 10 bat piezaz gozatu ahal izango da igande honetan Parrokian, 20:00etatik aurrera.

2017an sortu zen Pau Fogás (biolina), Maria Rodriguez (biolontxeloa) eta Maria Teresa Saiz (pianoa) hirukotea, eta gaur egun Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian (MUSIKENE) dihardute ikasketak burutzen. Sari mordoxka bat jaso dituzte bakarlari gisa aritu direnean, eta hirukote gisa trebatzera datoz Zarautzera. Kontzertu-areto handietan jo dute: Santanderren, Bilbon, Donostian, Madrilen edota Bartzelonan.

Errepertorio zabala dute zenbait autoreren trioekin: Haydn, Beethoven, Smetana, Turina eta Shostakovich, besteak beste. Dena den, Parrokiko saio honetan Beethoven eta Shostakovichen lanak interpretatuko dituzte.

Beste bi saio

Aurrerantza doa 31. Udako Musikaldia. Bost saio antolatu zituzten orotara, eta erdira heldu gara jada hirugarrena gauzatzear dela. Honako hauek izango dira gainontzeko bi saioak; bata Parrokian eta bestea Modelo Aretoan.

  • Abuztuak 25, igandea, 20:00etan Parrokian. Cuarteto Gerhard: S. Barber, P. Glass eta F. Schubert egileen piezak joko dituen laukotea.
  • Abuztuak 29, osteguna, 20:00etan Modelon. Lulavai. Arpa jotzen duten lau emakume dira, eta munduko folk musika jotzen dute arpa zeltiarraren protagonismoaz.