Mundua berriz irakurtzen

Gurutze Izagirre / Berria 2019ko abu. 19a, 14:00
Ana Galarraga, artxiboko irudi batean.

Amaia Arranz eta Ana Galarragarekin izan da Gurutze Izagirre kazetaria, zientziaren inguruan duten jardunaz. Arranzek ezagutzen diren ogi arrastorik zaharrenak topatu ditu, eta irauli egin du orain arte idatzitakoa. Uste sendoak auzitan jartzeak ireki dio horra iristeko bidea. Galarraga zarauztarra ere bide horiek arakatu zalea da: "Begirada berriak eta askotarikoak behar ditu zientziak". Zalantza zigortu bainoago saritu egin beharko litzatekeela uste dute. Horrek lagundu die aurrera egiten.

Zientziak batzen ditu, eta haren zabalkundeak. Zerbitzu publikoa gisa hartzen dute. Herritarrak jantzi eta burujabe izateko tresnak eskaintzea dute xede, besteak beste, nork beretik.

Zientzialariak zarete, eta zientziaren zabalkundean egiten duzue azpimarra eta ahalegina. Zergatik?

AMAIA ARRANZ: Hasteko, gizarteak bere zergekin ordaintzen duelako zientzia: behartuta egon behar genuke zientzialariok gure emaitzen berri gizarteari ematera. Eta, bestetik, ondo informatutako gizartea manipulatzea zailagoa delako: beharrezkoa da gizartea ondo informatzea.

ANA GALARRAGA: Ados nago. Eta, bestalde, eta Elhuyarrek bere xedeetan dauka, gizarte onuradun eta kritiko bat sustatzeko oinarri gisa ikusten dugu zientzia zabaltzea. Zertarako? Demokratikoagoa izateko. Aukera izateko erabakietan parte hartzeko. Badaude gai batzuk premiazkoak direnak, eta oso arriskutsua da horiek botere ekonomikoen eta politikoen esku uztea: adibidez, klima larrialdia: gauden batean, erabakiek ondorioak edukiko dituzte gure bizitzetan, eta jakin behar dugu egoera zein den, nola eragingo digun jakiteko. Informatuta egon behar dugu erabaki ahal izateko.

Zientzialariak zabalkundearen mesedetan aritzearen alde daude, zuen ustez?

A.G.: Arrakastak bakarrik saltzen du. Komunitate zientifikoa behartuta dago lorpenak saltzera, horrek ekartzen duelako finantzaketa. Eta uste dut horrek asko desitxuratzen duela errealitatea.

A.A.: Aldatzen ari da pixkanaka, baina oso mantso. Zabalkundeari behar den garrantzia ematen ari zaio pixkanaka, nire ustez.

Emaitzek saltzen badute, finantzaketa horra joango da. Zenbateraino baldintzatzen ditu horrek ikergaiaren nolakoa eta ondorioen kontaketa?

A.A.: Adibidez, gaur egun DNArekin lotutako ikergaiek jasotzen dute finantzaketa handiena, horiek saltzen dutelako. DNAren ikerketa batekin irits zaitezke izen handiko Nature edo Science aldizkarietan artikulu bat publikatzera. Beste gai batekin zailagoa da. Presio horiek badaude. Eta nik sumatu ditut. Ikusten badute zure gaiak izan dezakeela saltzeko erraztasuna, zure unibertsitateari sekulako mesedea egiten ari zara, halako aldizkarietan publikatzeak balio diolako bere rankingetarako. Bestalde, enpresa handiek zientzialariak kontratatzen dituzte, eta dibulgatzaileak ere bai. Eta ikusten duzu interesen arabera ari direla lanean. Enpresa batek baldin badauka interesa esateko genetikoki manipulatutako landareak seguruak direla, kontratatuko du zientzialari bat hori demostratzeko.

A.G.: Adibidez, lortu dute saltzea egunero alkohol pixka bat hartzeak on egiten duela. Frogatuta dago ez dela egia. Baina botere ekonomiko oso handiak daude atzean, eta badaude ikertzaile batzuk prest daudenak beren izena eta lana botere horien zerbitzura jartzeko. Eta alde dute guk ere hori entzun nahi dugula. Interesak daude, eta funtzionatzen dute.

Irakurri elkarrizketa osorik berria.eus atarian.