Nekazaritza ekologikoaren azoka egongo da ostiralean

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 20a, 15:22

'Eko azoka' jarriko dute ostiral honetan Lege Zaharren enparantzan eta Zigordia kalean 10:00etatik 14:00era bitartean, bertako produktu ekologikoak dastatzeko.

Biolur taldeak antolatutako Urola Kostako jardunaldi ekologikoen barnean, Zarautz izango du lehen geldialdia Eko Azokak. Zarauzko nekazaritza ekologikoaren XXIII. Azoka ezarriko dute abuztuaren 23an Lege Zaharren enparantzan eta Zigordia kalean, goizeko 10:00etatk 14:00era bitartean. Bertako produktu ekologikoen dastaketa egin ahal izango da, eta informazio postua, zozketak, jai giroa eta haurrentzako jolasak ere egongo dira bertan.

Bestalde, abuztuaren 25ean Zestoan izango da azoka. Irure Txiki baserrira egingo dute bisita Ekain sagardo ekologikoa dastatzera, 10:00etatik 13:00era arte. Doan izan arren, izena eman beharko da irteerara apuntatzeko: 943 76 14 47 telefonora deituta.