Hastear da 3x3 saskibaloi txapelketa

Zarauzko hitza 2019ko abu. 21a, 11:20

Bihartik hasi eta igandera bitartean, saskibaloi zaleek izango dute zer ikusia. Beste urte batez, Zast saskibaloi taldearen eskutik, saskibaloi txapelketa jokatuko da Zarauzko itsas pasealekuan, Dama parean: Saski Basque 3x3.

Guztira 142 talde arituko dira lehian Zast saskibaloi taldeak antolaturiko 3x3 txapelketan. Astearte eguerdian itxi zuten izena emateko epea, eta iluntzerako jada iragarri zituzten partiden eta txapelketen ordutegiak. Hona hemen ikusgai.

Ostegun arratsaldez emango zaio hasiera 3x3 Saski Basque txapelketari, mini mutilen txandarekin. Mini neskek, kadeteek eta jubenilek jokatuko dute ostiralean, eta infantilen eta seniorren txanda izango da larunbatean. Igandean, azkenik, goizez jokatuko dira benjaminen partidak, eta arratsaldez koadrilen arteko lehiaketa.

Eguraldi ona iragarri dutela-eta, antolatzaileek espero dute partida guztiak itsas-pasealekuan jokatzea. Bestela, beste urtetan bezala, txapelketa Antoniano Kiroldegira mugituko litzateke.