Atzokoan herritarrei deia luzatu zieten Turismo Bulego berria ezagutzeko. Hainbat herritar bertaratu ziren instalazio berriak ikustera, eta langileek bertako xehetasunen berri eman zieten. Kale Nagusiko Mazako lokalean zabaldu zuten Turismo Bulego berria uda sasoiaren hasieran. Bertako langile batek HITZAri azaldu dionez, oraindik goiz da balorazioak egiteko. Dena den, orokorrean, jende kopuru handiagoaren joan-etorria nabarmena dela baieztatu du.
Inaugurazio ekitaldiari hasiera emateko Kimu txalapartari bikoteak hainbat abesti eskaini zituen. Aurreskua ere txalapartaz jo zuten, eta Jalgi dantza taldeko kideen eskutik jaso zuten agurra bulego berriko arduradunek. Xabier Euzkitze eta Laura Chamorroren gidaritzapean, Xabier Txurruka alkateak hartu zuen hitza. Azpimarratuu zuen Zarautz "herri euskaldunetan handiena, modernoa, zerbitzu emailea eta turistikoki erakargarria" dela eta bulego berria horren "erakusleiho aparta" izango dela. Eskerrak eman zizkien proiektua gauzatzen aritu diren langile guztiei eta, batez ere, Mitxel Arauzo Muñoz arkitektoaren lana nabarmendu zuen.
Txurrukaren ostean Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruko diputatu zarauztarrak hitz batzuk eskaini zizkien bertaratutakoei. Honek ere zorionak eman zizkien udaleko Turismo Saileko langileei, Zarautz "erreferente" bihurtzearren. Horrez gain, azpimarratu zuen Zarauzko turismoa egiteko modua "herrikoia, jatorra, euskalduna eta herriko elkarte eta auzokideekin egindakoa" dela: "Zarautzen ez dugu ezer saltzen gurea ez dena".
Politikarien hitzartzearen ostean, bertaratu zirenek parrilan egindako hegaluzea eta txakolina doan dastatzeko aukera izan zuten, saxofoi eta tronpeta doinuz girotutako Kale Nagusian.