Bueltan dira uda bertan igaro duten haur sahararrak

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 24a, 12:00

Urteroko moduan, Oporrak Bakean ekimenak antolatuta, hainbat haur sahararrek Euskal Herrian igaro dute uda. Haietako batzuk Zarautzen ere izan dira. 

Amaitu zaie Euskal Herriko egonaldia haur sahararrei. Asteburu honetan itzuliko dira Tindufeko kanpamenduetara (Aljeria). Oporrak Bakean ekimenak hainbat urte daramatza Euskal Herriko familiekin elkarlanean, haur sahararrek uda bertan igaro dezaten. Zarautzen, Saharautz elkartearekin elkarlanean dihardute. Uda osoan zehar hamaika ekintza egiteko aukera izan dute; Zarautzen, estaterako, Sahara Gara eguna ospatu zuten uztailaren amaieran. Bertan, Gipuzkoako herri desberdinetan uda igaro duten haurrak elkartu ziren. 

Aurten Saharautzen bitartez sei haur ekartzea lortu dute: hiru Zarautzera, bi Oriora eta bat Getariara. Urola Kostako beste herrietan ere izan dira saharar gehiago, Azpeitiko elkarteak bideratuta. Ekartzeko garaian arazoak izan zituzten, Aljeriak bisatua ematen ez zuela eta. Horregatik, haur askok hilabete eta erdi pasa dute Euskal Herrian, bi hilabete oso beharrean.

Orain etxera bueltan dira, eta Oporrak Bakean ekimenak sare sozialen bidez azaldu du hobe litzakeela inoiz itzuli beharrik izango ez balute, horrek esan nahiko lukeelako Sahara aske batean bizitzeko aukera dutela. Egoerak horrela jarraitzen duen artean, ordea, berriro ere haurrak "beso zabalik" hartzeko prest izango direla adierazi dute. Horrez gain, eskerrak eman dizkiete sahararrak zaindu eta lagundu dituzten familiei eta elkarteei.