Seigarren egin du Enbatak ligako azken estropadan

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 24a, 16:42
Enbata gaurko estropadan. (@zarautzarraun)

Gaurko estropada San Juango traineruak irabazi badu ere, KAE 1 ligako txapeldun geratu dira zarauztarrak.

Ligako azken estropada jokatu dute gaur Bilbon KAE 1 ligako arraunlariek. Enbata seigarren postuan sailkatu da gaurkoan (20:46,20), eta San Juanek irabazi du estropada (20:23,42). San Juanen atzetik iritsi dira getariarrak (20:30,68), eta hirugarren izan da Donostiarra (20:33,12). 

Gaur zazpi puntu eskuratu dituzte zarauztarrek, baina aurreko astetik erabakita zegoen moduan,eutsi egin diote ligako lidertzari; KAE 1 ligako txapelduna da Enbata, beraz. Kontxako estropadako sailkapena izango dute hurrengo erronka, eta horren atzetik, irailaren 14 eta 15ean, play off-ak jokatuko dituzte Bermeon eta Portugaleten, TKE ligara igotzeko txartela jokoan dutela.

Denboraldiko lorpenak ospatzeko, ongietorria egingo diete gaur 20:00etan Musika Plazan herritarrek Enbatako arraunlariei. Arraun Elkarteak urdinez jantzita bertaratzera animatu ditu zarauztarrak. Ongietorriaren aurretik banderen bedeinkapena izango da parrokian.