Herritarrek harrera beroa egin diote Enbatari

KAE 1 ligako txapeldun berria da Enbata. Oraindik denboraldia amaitu ez badute ere, atzokoan ez zen festarako arrazoirik falta, eta herritarrak kalera atera ziren arraunlariak txalotzera.

Atzoko estropadan seigarren egin bazuten ere, bazuten zer ospatu Enbatako arraunlariek. KAE 1-eko estropadak amaituta, ligako txapelduna da Enbata, eta herritarrak arraunlariekin batera ospatzera atera ziren atzokoan.

Aurtengo denboraldian irabazitako zortzi banderak bedeinkatu zituzten lehenengo parrokian, eta ondoren, txistulariak aurretik zituztela, Alde Zaharretik ibili ziren arraunlariak, zortzi banderak ondo agerian. Musika Plazan, ohi bezala, kioskora igo eta arraunlari guztiek banderak astindu zituzten, herritarren txalo zaparradapean. Ongietorria aurrekoen modukoa izan bazen ere, inoiz baino jende gehiago hurbildu zen arraunlarien garaipena ospatzera, kamiseta urdina soinean zeramatela. Arraunlariak ere inoiz baino alaiago atera ziren jendaurrera, irribarrea ahotik kendu ezin zutela. "Enbata, gure Enbata, Euskal Herriko onena da ta..." abestia entzuten zen uneoro.

Udaletxera ere igo ziren arraunlariak eta, ohitura den moduan, bertako balkoietan astindu zituzten banderak. Balkoira atera, eta Gaizka Garmendia patroiak herritarrei eskertu zien emandako babesa. Oraindik, ordea, erronkarik handiena heltzear zela esan zuen: Bermeoko eta Portugaleteko play off-ak. Azken txanpa horretarako behar duten bultzada eskatu zien herritarrei, eta estropadetara joatera animatu zituen. Nahi duen orok, Bermeora eta Portugaletra joateko autobusak izango ditu doan, Arraun Elkarteak antolatuta.

Horrez gain, datorren denboraldian elkartea hazten jarraitzeko asmoa agertu zuen Garmendiak. Emakumezkoen taldea ateratzea dute helburuetako bat Arraun Elkartekoek, baina horretarako, 17 emakumeren faltan direla azaldu zuen. Herriko emakumeei dei egin zien Enbatako patroiak, arraunean hastera animatuz.