Euskal Herriko Eskubaloi Topaketa egingo dute larunbatean, Kilometroen alde

Aritz Mutiozabal 2019ko abu. 28a, 10:34
Euskal Herriko Eskubaloi Topaketako aurkezpena, Aritzbataldeko kantxan (Aritz Mutiozabal).

Zarauzko Ikastolak antolatu du Zarauzko Eskubaloiarekin elkarlanean. Hainbat partida jokatuko dituzte egun osoan Aritzbatalde kiroldegian; tartean, Anaitasunaren eta Bidasoaren artekoa.

Kilometroak urriaren 6an ospatuko dutela eta, Salbatore Mitxelena Ikastolak urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu, egun handira bidean herria girotze aldera. Ikastola "herritik herriarentzat"  sortu zela nabarmendu du Salbatore Mitxelena ko zuzendari Belen Muruak, eta hori oinarri izanik, adibidez, ekainean Hondartza hartu egitasmoa egin zuten herriko hainbat eragilerekin. Oraingoan, larunbat honetan, Zarauzko Eskubaloiarekin lankidetzan, Euskal Herriko Eskubaloi Topaketa antolatu dute.

"Eskubaloiak indar handia du herrian. Gure ikasle askok jokatzen du, baita herriko hainbat gaztek ere. Gainera, ikasle ohi asko dabiltza jokatzen eta entrenatzaile gisa. Beraz, pentsatu genuen zerbait egin genezakeela", kontatu du zuzendariak. Guraso talde bat ZKEko Eskubaloiarekin elkartu zen, eta horrela joan ziren itxura ematen topaketari.

Egitasmoko partida nagusia gizonezko helduen Anaitasuna eta Bidasoa taldeen artekoa izango da: euskal derbia. Biak ala biak goi-mailan dabiltza, Asobal ligan. Hala ere, Muruak argi utzi nahi izan du ez zutela jaia partida soil batera mugatu nahi, eta "egun osoko eskubaloi jardunaldi bat antolatu dugu".

Goizean hasi eta iluntzera bitartean, hainbat mailatako taldeek hartuko dute parte. "Kilometroetako eta Ikastolako helburuetako bat parekidetasuna denez, nesken eta mutilen partidak tartekatuko ditugu egun osoan", azaldu du Muruak. Hala, Anaitasuna eta Bidasoa taldeen lehiaz gain, emakume helduen norgehiagoka ere izango da, Aiala Zarautzen eta Nafarroa Behereko Irisarriren artean.

"Ikastola Euskal Herri osoko proiektu bat izanik, bermatu nahi izan ditugu beste lurraldeetako ordezkaritzak: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Nafarroa Behereako taldeak". Bestalde, arratsalde hasieran aniztasun funtzionala duten pertsonen partida bat ere jokatuko da.

Topaketa Arraio Irratiko kideek girotuko dute. Halaber, jatekoa eta edatekoa egongo da, zozketak eta sorpresak izango dira egunean zehar.

Harrobia eta euskara

Zarauzko Eskubaloiko presidente Inma Saenz de Santamariaren hitzetan, "klub bezala argi dugu harrobia zaindu behar dugula, eta zaintzeko modu bat herrikoei jokatzeko aukera ematea da". Hori dela eta, eskerrak eman dizkie Ikastolako arduradunei herriko gazteei topaketan aritzeko aukera emateagatik.

Bidasoako presidente Gurutz Aginagaldek, bere aldetik, adierazi du larunbatean bi talde "erreferente" elkartuko direla, «Zarautz harrobia eta batez ere emakumeen eskubaloia lantzeagatik, eta gu goi-mailako talde gisa". Alde horretatik, "ilusionatuta" dagoela, baina baita "euskararen alde lan egiteagatik" ere.

Egitaraua

Abuztuak 31, larunbata

Aritzbatalde kiroldegian egingo dute Euskal Herriko Eskubaloi Topaketa. Goizeko saioa doan izango da; arratsaldekoak, berriz, 5 euro balio du helduentzat eta 14 urtetik beherakoentzat euro bat. Sarrerak, leihatilan, 16:00etik aurrera.

09:00-10:00. Infantil neskak: Orio - Zarautz.
10:00-11:00. Infantil mutilak: Usurbil - Zarautz.
11:00-12:00. Kadeteak neskak: Malkaitz - Burlata - Zarautz.
12:15-13:30. Jubenil mutilak: Urduliz - Zarautz.
15:30-16:30. Aniztasun funtzionala: Barakaldo.
17:00-19:00. Helduak neskak: Irisarri - Zarautz.
19:30-21:00. Helduak mutilak: Anaitasuna - Bidasoa.