jon-gurrutxagak-irabazi-du-lizardi-sariketako-lehen-kanporaketa

Jon Gurrutxagak irabazi du Lizardi sariketako lehen kanporaketa

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 30a, 12:29
Atzo izan zen Lizardi sariketako aurreneko kanporaketa. (Utzitako argazkia)

Imanol Urbieta Musika Eskolan egin zuten bertso saioa atzo gauean, eta azpeitiarra zuzenean pasatuko da Lizardi sariketako finalera. Bigarren kanporaketa gaur izango da, 22:00etan, toki berean.

Abian da Lizardi zenaren omenez sortutako bertsolari gazteen 43. sariketa. 18 eta 26 urte arteko bertsolariak atzo hasi ziren lehiatzen, eta gaur dute bigarren kanporaketa. Jon Gurrutxaga azpeitiarrak lortu zuen atzo finalerako txartela, eta gainerakoak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Motxian bertso eskolak antolatzen du sariketa, Zarauzko Udalaren laguntzarekin.

Zortzi bertsolarik hartu zuten parte atzoko kanporaketan. Hona hemen bakoitzak eskuratu zuen puntu kopurua:

  • Jon Gurrutxaga: 209,5 puntu
  • Aitor Bizkarra: 208 puntu
  • Sarai Robles: 203 puntu
  • Gorka Pagonabarra: 202,5 puntu
  • Jokin Bergara: 198 puntu
  • Mikel Tapia: 196 puntu
  • Joritz Bastarrika: 173,5 puntu
  • Uxue Alkorta: 166 puntu

Gaur gaueko kanporaketan, berriz, ondorengoak izango dira oholtza gainean: Joanes Illarregi, Maddi Sarasua, Maddiane Txoperena, Unai Izagirre, Maider Arregi, Eñaut Martikorena, Aimar Sorazu eta Libe Goenaga. Bigarren kanporaketa hori ere Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan izango da, 22:00etan.

Finala Euskal Astearen barruan izango da, irailaren 6an, eta txapelketa osoko sei bertsolarik lortuko dute finalean lehiatzea: saio bakoitzeko bi irabazleak zuzenean sailkatuko dira, eta gainontzeko laurak puntuazioaren arabera. Saio hori ere 22:00etan izango da Modelo aretoan. Sarrerak Turismo Bulegoan egongo dira salgai 3 euroan, eta egunean bertan ere egongo da sarrerak lortzeko aukera.

Bertsolariek kanporaketetan egin beharreko ariketak izango dira zortziko txikiko ofizioa, zortziko handiko ofizioa, puntu erantzunak eta zortziko handiko ofizioa. Finalerako sailkatzen direnek, berriz, ariketa konplikatuagoak izango dituzte. Hamarreko txikiaren ordez seiko motzeko ariketa izango dute, eta horren aurretik hitz bati bertso bana kantatu beharko diote. Horrez gain, kartzelako ariketaren barruan izango dituzte puntu erantzunak eta bakarka gai bati hiru bertso abestea.

Eskualdeko sei bertsolari

Hamaseiko zerrenda horretatik sei bertsolari dira Urola Kostakoak. Lau Zarauzko Motxian bertso eskolan aritzen dira: Joritz Bastarrika, Aimar Sorazu eta Uxue Alkorta zarauztarrak, eta Libe Goenaga getariarra.

Ohikoa da Lizardi sariketan herriko pare bat bertsolarik parte hartzea, baina aurtengoan, markak gainditu eta lau izango dira etxekoak. Sorazu eta Alkorta izango dira etxekoen artean gazteenak. Azkoitikoa da Unai Izagirre eta Jon Gurrutxaga, berriz, azpeitiarra. Eskualdeko bertsolarien artean, azpimarragarria da aurtengoan Unai Izagirre ematen ari den maila ona. Bertsotan duela gutxi hasi bazen ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatzea lortu zuen udaberriko sailkapen fasean. Izagirrerentzat, aurtengoa izan da lehen aldia txapelketan.

Plaza ederra da bertsolari gazteentzat Lizardi sariketako finala. Eskualdetik kantuan ariko direnen artean, ordea, Gurrutxagak soilik izan du bertan kantatzeko aukera, gaur arte. Duela bost urteko sariketan, 18 urte zituela sailkatu zen azpeitiarra finalerako.