"Jendeak ondo pasatzeko egin dugu filma"

Alba Cabrera Jauregi / Berria 2019ko ira. 2a, 10:48

Aupa Etxebeste! filmeko familiaren gorabeherak oinarri hartuta, irailaren 24an estreinatuko da Agur, Etxebeste filma Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Galan. Hiru egun geroago iritsiko da zinema aretoetara. Telmo Esnal zine zuzendari zarauztarra elkarrizketatu dute 'Berria' egunkarian.

Duela hamalau urte estreinatu zen Aupa Etxebeste! filma, Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1966) eta Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) zuzenduta. Pelikularen bigarren zatia aurkeztu dute orain: Agur, Etxebeste!. Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute, eta 27an iritsiko da zinema aretoetara.

Hamalau urte pasatu dira Aupa Etxebeste! estreinatu zenutenetik, eta oraingoan Agur, Etxebeste!-rekin zatozte; zergatik ez “gero arte” bat?

Izenburuak badauka istorioarekin zerikusia, lehenengo pelikulak zuen bezalaxe, eta hirugarren zati baterako ere edukiko genuke beste titulu bat ziurrenik. Baina nik uste dut zer egin behar genuen jakin baino lehenago erabaki genuela zein izango zen bigarren zatiaren izenburua. Ez dakigu tituluak berak ez ote duen baldintzatu istorioa.

Aupa Etxebeste!-ko lantalde tekniko eta artistiko berarekin aritu zarete lanean. Nolakoa izan da berriro esperientzia bizitzea?

Bigarren pelikula egiteko baldintzetako bat aktoreak berberak izatea zen. Baina, era berean, Aupa Etxebeste!-ko lantaldearekin lan egitea polita izango zela pentsatu genuen. Gehienak bigarren zatian berriro ere parte hartzeko prest agertu ziren; baina, esaterako, argazki zuzendariarekin arazo txiki bat izan dugu, beste proiektu batzuetan zebilelako. Aktoreei dagokienez, lehen zatiko berberak dira, baina istorioa aldatu egin denez, pertsonaia berriak txertatu ditugu. Giro ezin hobea egon da, oso harmoniatsua izan da, eta oso gustura egin dugu lan. Espero dut jendeak gozatu eta barre egitea.

Aupa Etxebeste! Asier Altunarekin batera egin zenuen lehen film luzea izan zen. Ondoren, bakoitzak bere ibilbidea egin du, eta orain, berriro elkartu zarete bigarren zatia egiteko. Nolakoa izan da berriro elkartzea?

Bakoitzak bere proiektuak egin ditu, baina nahiko lotuta ibili gara; nik parte hartu izan dut bere proiektuetan, eta alderantziz. Ez gara dirudien bezain urruti egon, eta nahiko erraza egin zaigu elkarrekin lan egitea.

Irakurri elkarrizketa osorik, lotura honetan.