Agerraldi jendetsua egin dute Azpeitian 11/13 sumarioko auziperatuen alde

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 2a, 11:29
47ak Herrian plataformaren agerraldia Azpeitian.

47ak Herrian plataformak deituta agerraldi jendetsua egin zuten larunbatean Azpeitian. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, datorren irailaren 16an hasiko da 47 euskal herritarren aurkako epaiketa Madrilen, eta horien artean, Eneko Ibarguren azpeitiarra, Nagore Gartzia zumaiarra, Ainhoa Baglieto zarauztarra. 80 pertsona inguru bildu dira gaurko agerraldian epaiketa salatzeko, tartean, hainbat alorretako jende ezaguna.

Hemendik bi astera hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean 11/13 sumarioaren epaiketa, eta 47 euskal herritar epaituko dituzte bertan “ETAren espetxe frontea” osatzea leportatuta; tartean, Eneko Ibarguren azpeitiarra, Nagore Gartzia zumaiarra eta Ainhoa Baglieto zarauztarra . Larunbatean agerraldi jendetsua izan zen Sanagustin kulturgunean 47ak Herrian plataformako kideek deituta beren aurkako epaiketa salatzeko. Guztira, 80 lagun inguru batu ziren agerraldian, eta hainbat alorretako aurpegi ezagunak izan ziren; besteak beste, Martxelo Otamendi (Egunkaria auzia), Miren Odriozola (Udalbiltza auzia), Carlos Trenor (18/98 auzia), Olatz Izagirre (Segi auzia) Unai Romano (torturatua) eta Aitor Ibero (abokatua).

11/13 sumarioko Haizea Ziluaga eta Imanol Karrera auziperatuek hitz egin zuten agerraldian. Haiek adierazi zutenez, irailaren 16an hasiko den epaiketan 47 euskal herritar epaitzeaz gain, Euskal Herrian “urte luzez” saretutako “jarduera politiko oso bat” epaituko dute. Gaineratu zuten, epaiketa honek beren bizitza “erabat baldintzatu” duela. Ziluagak agerraldian adierazi zuenez, azken urteetan “hurbil” eta “bidelagun” izan duten jendearekin agertu nahi izan zuten agerraldian; hala nola presoen eta deserriratuen alde aritu direnekin, abokatu lanetan lagundu dietenekin nahiz espetxeetan urte luzez preso egon direnekin, beste hainbaten artean.

Ziluagak eta Karrerak azaldu zutenez, auzpieratuek errepresioak eta espetxeak eragindako mina “arintzeko” egin dute lan urte hauetan guztietan, eta azkenaldian gatazka politikoaren eta errepresioaren ondorioak gainditzeko urratsak eman direla zioten arren, gaineratu zuten oraindik “bide luzea” dagoela egiteko. Halaber, azaldu zuten “beharrezkoa” dela epaiketaren jatorriari begiratzea, eta azken urteetan haiek egindako aldarrikapenak “indarrean” daudela berretsi zuten. Bestetik, plataformako kideek azpimarratu zuten kartzelaren, deserriaren eta deportazioaren ondorioek jarraitu egiten dutela oraindik, eta sakabanaketa dela eta “espetxeetara itzulian” jarraitzen dutela hainbat senide eta lagunek. Hain zuzen ere, sakabanaketaren “arriskuak” izan zituzten hizpide.

47ak herrian plataformako kideek beren lana egiterakoan “estatuaren jazarpena” jasan dutela, eta jasaten ari direla salatu zuten. Ziluagak eta Karrerak “gatazkaren ondorioak konpontzea” eta “min guztiak errekonozituak izatea” eskatu zuten agerraldian, eta horretarako bermea gatazkaren jatorria “konpontzea” dela nabarmendu zuten. 47 auziperatuen aurkako epaiketa “kontrako norabidean” datorrela azpimarratu zuten, baina horrek ez dituztela beren printzipio eta aldarrikapenetatik mugituko.

Irailaren 14an, Bilbora

Euskal presoak eta erbesteratuak ere gogoan izan zituzten agerraldian, eta haien herriratzeak “urgentzia” duela nabarmendu zuten. Datorren irailaren 14an, larunbata, Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian. lelopean Bilbon egingo duten manifestazioan haien aldeko aldarrikapenari “lekua” egingo diotela azaldu zuten 47ak herrian plataformako kideek, eta manifestazioan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.

Agerraldia amaitzerakoan, elkartasuna adierazi zieten hizlariek “jazarpena” eta “injustiziak” jasaten dituzten herritarrei; hala nola gogoan izan zituzten presoak, deserriratuak eta haien senideak, Altsasuko gazteak, G7aren aurkako mobilizazioetan atxilotutakoak nahiz uda honetan eraso matxistak eta homofoboak jaso dituzten herritarrak, beste hainbaten artean.