Euskal Astea 2019

Bi kanporaketen ostean, baditu finalistak Lizardi sariketak

Finala irailaren 6an izango da, Modelo aretoan.

Erabakita geratu dira Bertsolari Gazteen 43. Lizardi Sariketako finalistak. Lehen kanporaketa pasa den ostegunean jokatu zuten, eta bi bertsolari sailkatu ziren saio hartatik: Jon Gurrutxaga (209,5 puntu)  eta Aitor Bizkarra (208 puntu). Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatzen da finalera, eta gainontzeko lau finalistak puntuazioaren arabera erabakitzen dira. Ostiraleko kanporaketatik, beraz, lau bertsolari sailkatu ziren finalera: Maider Arregi (208 puntu), Joanes Illarregi (207 puntu), Maddi Ane Txoperena (206,5 puntu) eta Unai Izagirre (204 puntu). Eskualdeko bi bertsolari izango dira finalean, beraz: Jon Gurrutxaga azpeitiarra eta Unai Izagirre azkoitiarra.

Finalean egin beharreko ariketak ondorengoak izango dira: zortziko txikian hiruna bertso, zortziko nagusian hiruna bertso, hitz bati bertso bana nahi den doinu eta neurrian, seiko motzean hiruna bertso eta kartzelan bi puntu erantzun eta gaiari hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Finala hilaren 6an, ostiralean jokatuko dute Modelo aretoan, 22:00etatik aurrera. Sarreren prezioa hiru eurokoa izango da, eta dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan.  Saioan bertan, leihatilan ere izango da erosteko aukera.