Audioa. Enfin, urtero berdin

Zarauzko hitza 2019ko ira. 2a, 18:21

Ia urtero bezala, amaierarik gabeko elkarrizketarako mamia utzi ditu Donostiako banderako lehenengo igandeak.

Emakumeen bandera dikera ez dakit, baina Ortzaikaraino behintzat inguratu dute oriotarrek.

Urte osoan hutsik egin ez duen semaforo, kronometro, video finishak aurreneko aldiz huts egin du, non eta Donostian, arraun elkarteetako ordezkarien errezeloa eta mesfidantza sortuz. Haize eta itsaso baldintza okerxeagoak izan ote zituen gizonezkoen bigarren txandak, baina Hondarribiak Oriok eta Santurtzik baino parean etortzeko korrontearen eta itsasoaren bultzadizo gehiago izan zuen.

Kontu horiek eta beste asko. Denen artean, ordea, bat nagusi atzo gauean eta gaur eguerdian bi adiskiderekin muturtu ez, baina ahotsa altxatuta hitz egiteraino eraman gaituen tema. Gizonezkoen estropadan Santurtzik Oriori zenbaterainoko enbarazua egin ote zioen? Zertan ibili ote zen Garma babor-estribor? Aranberrik asmatu ote zuen? Epaileak bandera urdinik edo beste kolorekorik ez ote zeukan? Hara nire iritzia duela bi aste hementxe esandakoaren ildotik. Ziaboga hartu eta kale txarragoa zuelakoan, Orioren kalera etorri zen Santurtzi. Orio bere eskubideaz baliatu, eta kalea defendatu zuen ia luzearen amaieraraino. Eta epaileak, nik ikusitako bideoan, behintzat, lau aldiz atera zion bandera zuria. Beti zuria. Eta horra galdera: zenbat aldiz egin behar dio traineru batek besteari enbarazu –enbarazu diot, ez abordatu edo pala jo– epaileak bandera urdina ateratzeko? Portzierto, zigorrik segundotan ez dakarren bandera urdina. Igandean, baina, mugaraino eraman behar al da bi traineruren distantzia beste ontzi baten kalean sartzen den trainerua zigortzeko. Santurtzik, nire ustetan, meriturik goreneko saioa osatu zuen, erakustaldi bete betekoa. Baina lehenbiziko kalea zuen, nire ustez txarrena; Oriorena baino txarragoa bai, behintzat. Eta ahal zuena egiten saiatu zen Garma gizarajoa, adiskidea, portzierto. Eta bere saiakera horretan sei minutuan babor-estribor, uberan eta kostatuan, Orioren kalean ibili zen, nire iritziz, epaileak garaiz eta zorrotz jokatu ez zuelako, Oriori kaltea eraginez. Zenbat segundotakoa? Hori erantzuten ez dakit. Orioren erreakzioa? Erantzutera ere ez naiz sartuko. Kontua da Hondarribiak, zimarroitan eta atun gorriaren arrantzan artistak, atera ziola etekina egoerari. Hori bai, estropada kategorikoa eginda. Horretan denok gaude ados.

Eta hau guztia esanda, beste galdera bat ere badatorkit gogora. Ez al zen atzo egokiagoa izango ikuskizunarentzat, distiratsuagoa, arraunlarientzat ere justuagoa,Donostiako estropadaren tradizio sakrosantu ukizein zurrun akartonatua aldatu eta hiru trainerurik onenak elkarren ondoan ikustea txanda berean? Arraunaren, Kontxaren, gure kultura itsastiar euskaldunaren tenpluetako bat da Portaletas. Bertatik, lau, edo bost, edo hamar, edo mila sos jokatu, trabesak gurutzatu, eta betiko legez apustuak egiteko artekariak zokoratzeko ez dute arazorik izan, tradizioa alde batera uzteko inolako arazorik gabe, kasu horretan, apustu etxeek zortzi makina zikin jarri ditzaten eta bakarren batek poltsikoak bete. Horretan jartzen duten interesa jarriko balute epaileen formazioan, araudia zorrozten uretako kontuetan... Enfin, urtero berdin.