Euskal Astea 2019

Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga nagusi binakako dantza txapelketan

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 3a, 10:38

Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak izan dira bigarren, eta Ekain Uzkudun eta Laura Bastida azpeitiarrak hirugarren.

Hamabi bikotek hartu zuten parte atzo arratsaldeko bikoteen dantza txapelketan. Jende ugari bildu zen Lege Zaharren Enparantzan gazteek arintasunez dantzatutako fandangoak eta arin-arinak ikustera.

Epaileen ustez Amets Amubieta eta Larraitz Larrainaga izan ziren ondoen dantzatu zutenak; iaz ere Azpeitiko bikote berak jantzi zituen irabazlearen txapela eta zapia. Bigarren geratu ziren Bergarako Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, eta hirugarren Ekain Uzkudun eta Laura Bastida. Txapelketa hauetan izaten da sari berezi bat, hain zuzen, tradizioa egokien errespetatzen duen jantziak soinean daramatzatenei ematen dietena. Atzokoan, Oiartzungo eta Lezoko Katerin Artolak eta Iker Belintxonek irabazi zuten.

Dantzan aritu ziren bikote guztiak mistoak ziren, bat izan ezik. Legazpitik etorritako Idoia Narbaizak eta Irati Olaizolak batera hartu ohi dute parte txapelketetan, txikitatik batera egin izan dutelako dantza. Iaz ere izan ziren Zarauzko txapelketan, eta hura izan zen biak batera aurkeztu ziren lehena. "Bi neskak berdin-berdin egin dezakete dantza, ez dago mutil baten beharrik, azkenean, dantzariak garelako", azaldu dute. Zentzu horretan aurrerapausoak ematen ari direla diote legazpiarrek, bi mutil batera ere ikusi izan dituztelako txapelketan. Normalean arazorik izan ez badute ere, txapelketaren batean parte hartzeko oztopoak jarri izan dizkiete Iratiri eta Idoiari, nahiz eta azkenean lortu zuten. "Oso gustura" ibiltzen dira bi gazteak dantzan, eta ibilbide luzea dute oraindik aurretik, 17 urte besterik ez dituzte eta.

Argazkiak: Onintza Lete Arrieta