Beharra dagoen artean eskainiko den babesa

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ira. 4a, 09:00
Goiko ilaran ezkerretik hasita Josemi Aizpuru, Imanol Aizpuru eta Mireia Aizpuru. Beheko ilaran Amaia Arruti, Telhi Salma Salman eta Naia Aizpuru. (Utzitakoa)

Hazi egin da Aizpuru-Arruti familia aurtengo udan. Telhi Salma Salman haur sahararrak Zarautzen igaro du uda, eta "esperientzia bikaina" izan da familia osoarentzat. 

Berak 11 urte dituela dio, urrira arte 10 izango dituen arren. Saharatik (Aljeriako Smara kanpalekuan bizi da) Euskal Herrira etorri zen uda igarotzera Telhi Salma Salman, eta Naia Aizpuru eta bere familiarekin igaro du uda. Smaran bizi direnetako zenbaitek 30 urte darama sorterritik kanpo bizitzen, eta belaunaldi berriek, haien artean Salma Salmanek, ez dute inoiz aberria ezagutu. Oporrak Bakean plataformak Salma Salmanek bezalako haurrentzat egonaldiak antolatzen ditu Euskal Herrian, kampalekuetan uda oso baldintza gogorretan igaro behar izaten dutelako. Horretarako, ehunka familia euskaldunek beren etxeko ateak zabaltzen dizkiete haur sahararrei, uda bertan igaro dezaten.

Aspalditik zuten Amaia Arrutik eta Josemi, Mireia, Imanol eta Naia Aizpuruk udan haur saharar bat beraiekin izateko gogoa. Orain arte, ordea, arrazoi desberdinak tarteko, ez dute denbora eta baliabide nahikorik izan, baina aurten eman dute pausoa.   Hain zuzen, Saharan izan da Mireia (familiako ahizpa zaharrena) aurten hilabetez, eta hark kontatutakoek aspalditik zuten gogo hura piztu zien senideei.
 
Izatez ekainaren amaieran etortzekoak baziren ere, paper kontuengatik uztailaren 10ean iritsi ziren Euskal Herrira haur sahararrak. Abuztuaren 23an itzuli ziren atzera sorterrira, baina Salma Salmanek oraindik harreman estua izaten jarraitzen du Euskal Herriko familiarekin. Naiak herenegun hitz egin zuen azkenekoz harekin, eta "harrigarria" dela dio euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko hartu duen gaitasuna. "Telhi oso-oso pertsona irekia, alaia eta ausarta" dela uste du familiako ahizpa gazteenak, eta Euskal Herria eta hemengo bizitza oso erraz bereganatu dituela. "Erraz sartu zen familian, lehengusu txikiekin jolastera joaten ginen eta ederki moldatzen zen haiekin ere".

Zenbait anekdota eder ere utzi dizkio Salma Salmanek Aizpuru-Arruti sendiari. "Guretzako eguneroko gauza normalak diren horiek asko txunditzen zuten zenbaitetan. Igogailuak, esaterako, zirrara ikaragarria sortzen zion. Han ibiltzen zen gustura gora eta behera". Udalekuetan ere izan zen familiako bi ahizpak begirale zituela, eta hasieran beldur apur bat bazuten ere, ahizpa gazteenak uste du "beste edozein haurrek baino gehiago" gozatu zuela udalekuetako egonaldia.

Eman adina jaso


Salma Salmanek uda zoragarria igaro du Zarautzen eta asko eman dio Aizpuru-Arruti familiak. Dena den, beraiek jasotakoa ere ez da gutxi izan. Ahizpa gazteak ikasitako guztia nabarmendu du: Sahararen historia, hango kultura, kanpalekuetako egunerokoa... "Hemen bizi garenok uste dugu badakigula zein den hango errealitatea, baina horren gertutik bizi duen norbaitek kontatzen dizunean askoz gehiago eragiten dizu".

Aurtengo udako esperientziaren ostean, erabakia hartzeko gehiegi hitz egin beharrik gabe, garbi du Aizpuru-Arruti familiak berriro etorriko dela Zarautzera Salma Salman datorren udan. "Joan aurretik berak esaten zigun, hurrengo urtean etorritakoan hau edo bestea egin behar genuela". Garbi dute errepikatu nahi dutela, eta Salma Salmanek ere badu itzultzeko gogoa. Beraz, dena ondo bidean, hemen igaroko du 2020ko uda. 

Aurten hiru haur saharar izan dira Zarautzen familia desberdinetan. Euskal Herrira etortzen direnak, guztira, askoz gehiago dira, baina Oporrak Bakean eta Saharautz elkarteek kanpaina sendoak egiten dituzte familiak haurrak hartzera anima daitezen. Aizpuru-Arruti familiarentzat "esperientzia zoragarria" izan da uda honetakoa, eta umeari eskaintzeko denbora eta, batez ere, gogoa duten familiei gomendatzen diete datorren urtera begira programan parte hartzea. "Umearentzat desberdina eta ikaragarria den esperientzia da uda hemen igarotzea, kanpalekuetan 50 gradutara egon beharko lukeenean. Eta trukean, niri behintzat, asko-asko eman dit Telhik".