Euskal Astea 2019

Mundu berri baterantz

Euskal Astearen barruan, 'Mundu Berria' emanaldia ikusteko aukera izan zen atzokoan. Urtean zehar dantzan, kantuan, bertsotan edo beste hainbat diziplinatan jarduten direnek indarrak batzen dituzte emanaldia osatzeko, eta atzokoan, ez zen nolanahikoa izan helarazi zuten mezua.

Euskal Asteko emanaldien artean jendetsuena, herrikoiena, hunkigarriena izan zen atzo. Mundu Berria izenburupean, hamaika taldek hartu zuen parte atzoko ikuskizunean.

Iratxe Aranbururen gidaritzapean, trikitilariek eman zioten sarrera emanaldiari. Antzerkiaren bidez umoreari eta hausnarketari eman zioten bide ondoren. Danbor afrikarren doinuek lagundurik, Imanol Epeldek kontsumismoaz, aberriaz, generoaz justiziaz, indiferentziaz eta pasibotasunaz errezitatu zuen prosa bat. Kezka unibertsalak landu zituen, egungo espazio eta garaietara egokituak. Hausnarketak borobiltzeko Aner Peritz bertsolariak hartu zuen hitza, eta haren atzetik, koreografia eder bat egin zuten Gure Mundua taldeko gaztetxoek. Tradizionalagoa, baina berdin-berdin ederra izan zen gaztetxoen atzetik atera ziren Jalgi dantza taldeko kideek egindako dantza

Aldarrikapenen tartea iritsi zen gero. Banan-banan, egunerokotasunean pil-pilean diren hainbat aldarri eta borrokari ikusgarritasuna emateko unea. Atera ziren pentsiodunak gutxieneko 1.080 euroko pentsioa aldarrikatuz, aldarrikatu zituzten baita ere euskal preso eta iheslarien etxeratzea,  pertsona errefuxiatuen eskubideak, ekologismoa, LGTBIQ komunitatearen borroka, borroka feminista eta irailaren 16an hasiko den 11/13 auziko injustizia. Goraino beteta zegoen Lege Zaharren Enparantza, ikusle gehiago zeuden zutik eserita baino, eta aldarri guztiak oso txalotuak izan ziren.

Emanaldiaren azken txanpa, performance-ak, dantzak eta besarkada erraldoiak osatu zuten. Burutzeko, inor gutxik espero zezakeena gertatu zen: Andoni Egaña bertsolaria atera zen besarkadaren erditik, gorputza kolorez margotua zuela. Haizea dator ipar aldetik doinu nostalgikoan abestutako bertso batek borobildu zuen ikuskizuna.

Iratxe Aranburuk ohi duen indarraz eta grinaz aurkeztu zituen banaka parte hartutako talde eta norbanako guztiak, eta txalo zaparradapean jaitsi ziren guztiak oholtzatik. Ondorengoa da zerrenda: Jalgi dantza taldea, Montetxio abesbatza, Arrai Zopa abesbatza, Goizeko Ihintza txistulari taldea, Kame Musika Eskola, Motxian bertso eskola, Nahiko Larri trikiti taldea, Zarautz TRIK, Gure Mundua taldea, Leun taldea, Aratz Olaizola, Mohamed Sech, Imanol Epelde eta Andoni Egaña.